Ziztu bizian San Martzialen behera

Imanol Beloki Unamuno 2018ko mai. 15a, 17:00

Iaz, Bergarako goitibehera jaitsieran, San Martzialgo aldapan behera.

Maiatzaren 20an, domekan, jokatuko da Pentekoste jaietako San Martzialgo goitibehera jaitsiera; bederatzigarren aldiz antolatu dute. Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioaren ligako lehen proba izango da, Euskal Ligarako puntuagarria.

Azken urteotan errotu egin da San Martzialen behera egiten den goitibehera lasterketa. Hala, aurten ere ez du hutsik egingo Goitibeherak Elkarteak Bergarako Udalaren eta Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioaren laguntzarekin antolatutako probak.

Urtero bezala, Bergarako goitibehera txapelketa Euskal Ligarako puntuagarria izango da; aurten, ligako lehenengo proba. Maiatzaren 20an, domekan, izango da lasterketa, arratsaldeko hiru eta erdietan.

Izen-ematea, azken momentuan

Aurtengoa bederatzigarren edizioa izango da, eta bertan pilotu asko batuko dira –asko, etxekoak–, eta zaleek gertu-gertutik jarraitu ahal izango dituzte goitibeheren nondik norakoak. Antolakuntza taldeko kide Julen Markezek adierazi duenez, azken momentuan emango dute izena pilotu askok: "Oraingoz, hogei parte-hartzaile inguruk eman dute izena, baina, beti gertatzen den moduan, azken egunak izaten dira izen-emate gehien egoten direnak; horrenbestez, ziur aurreko urtekoen parean ibiliko dela parte-hartzaile kopurua: 50 inguru". Horrekin batera, Debagoienetik urtero hutsik egiten ez dutenak ere izango direla adierazi du Markezek, eta baita iazko irabazleak ere, Markez anaiak, eta Aitor Zabaleta eta Maddi Gutierrez herrikideak. Iaz, nork bere kategoriako lehen eta bigarren postuak eskuratu zituzten.

Ligako proba azkarrena

1.300 metro luze den jaitsiera Euskal Ligako azkarrena dela adierazi du Markezek, eta kontuz ibili beharreko bidea dela gaineratu: "Ibilbidearen zati gehienak baserri-bide estuetatik izaten dira, eta lehenengo postuan ibiltzen direnek ia 100 kilometro orduko hartzen dute. Zatirik arriskutsuena Surrako bidegurutzea pasatu ondoren eskuinera dagoen bihurgunea da. Gainera, aurten aldaketak izan dira tarte horretan, mendiari zati bat kendu diote eta. Ongi aritzeko, abiadura handiarekin akatsik egin gabe pasatzean dago trukoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak