Bizikleta gainean kirol ezberdinak uztartuko dituzte: trialsin, dirt jump eta flatland estiloak, hain zuzen ere. Trialsinean, modulu ezberdinetatik jauziak egiten zirkuitu bat osatu beharko du bizikleta gainean doanak, eta ezingo du hankarik lurrean ipini. Dirt jump estiloa, berriz, ikusgarriagoa izango da; izan ere, airean jauzi eta akrobazia arriskutsuak egingo dituzte. Gainera, ikusleek adrenalinaz betetako ikuskizunaren partehartzeko aukera izango dute. Flatland modalitatea, aldiz, BMX estiloko bizikletekin egiten da, eta lurretik altxa gabe bueltak emango dituzte, truko ezberdinak eginda.
Erakustaldia egiten hainbat ryder izango dira Bergaran. Dirt jump estiloko erakustaldian, Dani Kortabi ryder donostiarra eta Martxel Arribillaga izango dira. Trialsin modalitatean, berriz, Oier Mitxelena. Eta flatland estiloan, Iñigo Arroyo.
Arrisku gutxi, arrakasta asko
Martxel Arribillaga ryder nafarrak adierazi du arrakasta handiko ikuskizuna eskainiko dutela, bertaratzeko dei eginda: "Erakustaldia ikustera joateko zalantzan dauden horiei, bertaratzeko dei egin nahi diet, ordubete inguruko sekulako erakustaldia eskainiko dugu eta. Gainera, ryder bakoitzak bere estiloan maila ikaragarria du, eta ikusleek flipatu egingo dutelakoan nago; beraz, badakizue, gerturatu".