Bergarako Musika Eskolako Haurren abesbatzak izan du hitzorduari hasiera ematearen ardura –Nagore Sanzek eta Marije Ugaldek zuzentzen dute neska-mutiko taldea–. Eta era guztietako piezak eskaini dituzte. Tartean izan dira Pie Jesus –Mary Lynn Lightfood–, Haizea –Ken 7– eta Zalú canon –J. Lopez Moraleda–. Musika eskolako irakasleen laguntza izan dute horretarako; eurak izan dira abestiak musika instrumentuen doinuz bustitzearen arduradun. Eta gozatu ederra hartu dute bertaraturikoek. Jendez lepo zegoen Mariaren Lagundiaren eliza.
Ostean heldu da Bergarako Orfeoi Gaztearen txanda. Eta pieza sorta ederra eskaini dute haiek ere. Besteak beste, Can you feel the love –Elton John–, I will follow him –B. Mathieu– eta African aleluia –J.Althouse– entzuteko aukera izan dute bertaraturikoek. Finean, musika estilo ezberdinak, abesbatzaren formatura egokituak. Kasu horretan, Aitor Garitanok egin ditu zuzendari lanak.
Eta horretan geratu barik, bi abesbatzek bat egin duten unea iritsi da. Bergarako Musika Eskolako Haurren abesbatzak eta Orfeoi Gazteak elkarrekin egin dute kantuan. Hain zuzen, bi pieza eskaini dituzte: Kusimama –J.Papoulis– eta Banaha –Congoko kanta herrikoia–. Aitor Garitanok zuzendu du lehen pieza; Nagore Sanzek, bigarrena. Ezin uka bukaera ezin hobea eman diotela hitzorduari.