Makina-erremintaren Fabrikatzaileen Elkarte Espainiarrak (AFM) Batzar Orokorra egin du gaur, egubakoitza, Donostian, eta bertan elkartearen urrezko intsignia eman diote Miguel Lazpiur bergararrari.
Sektore industrialeko 128 kide dituen elkartetik adierazi dutenez, Lazpiurren ibilbide profesional guztiari aitortza egin gura izan diote sari honekin. Nabarmendu dute, era berean, nabarmendu dute sarituak, bere anaia Agustinekin batera, Bergarako enpresa nazioarteko erreferente bihurtu dutela makineriaren eta forjarako tresnen fabrikazioan.
Omenduak eskerrak eman dizkie AFM-ko zuzendaritzakoei, eta adierazi du bere anaiaren, bere enpresako lantaldearen eta bizitza guztian makineria eraikitzeko lanean dabiltzanen izenean jaso duela saria. Sektore horretan lan egiten dutenak nabarmendu nahi izan ditu Lazpiurrek, bere esanetan makina bat fabrikatzea sorkuntza lana delako, eta talde-lana eskatzen duelako. Miguel Altuna Institutuan egindako ikasketak ere gogoan izan ditu, eta ikasketa prozesuaren garrantzia azpimarratu du.