Gero eta familia gehiagok erabiltzen duten eskaintza da udaleku irekiena; iaz, esaterako, 525 ume ibili ziren udaleku irekietan. Hori bai, aurtengo prezioek zeresana eman dute herriko guraso batzuen artean. Seme-alaba bat baino gehiago apuntatzeko asmoz dabiltzanak, bereziki, kexu dira, tarifak "nabarmen" igo direla iritzita: "Iaz bi ume apuntatuta ordaindu beharrekoa ez zen 128 eurora heltzen eta aurten, berriz, 200 euro ordaindu behar da".
Bergaran hiru edo lau asteko udalekuak daude: 2017an hiru astekoaren prezioa 50,50 eurokoa zen –aurten 75 eurokoa da– eta lau astekoarena, berriz, 67,30 eurokoa –aurten 100 eurokoa da–. Horrez gain, aurten bigarren ume bat apuntatzeagatik ez dago deskonturik; iaz %20koa zen.
"Oso gustura" Jardunekin Euskara zinegotzi Izaskun Labaienek honelaxe azaldu du aldaketa: "Igoera da orduko 16 zentimokoa, ez da igoera hain nabarmena. Arrasaten, adibidez, hiru asteko udalekuen prezioa 103 eurokoa da; hau da, Bergaran lau asterengatik kobratuko duguna [100 euro ume bakoitzagatik] Arrasaten hiru asterengatik ordaindu beharrekoa [103 euro] baino merkeagoa da".
Deskonturik zergatik aplikatuko ez den galdetuta, honako hau erantzun du Labaienek: "Aldaketa egin da iaz Udalak ume bakoitzagatik 88,4 euro ordaindu behar izan zuelako, gastu osoaren erdia. [...] Arrasaten eta Eskoriatzan ez dago deskonturik; Oñatin badago, baina hirugarren umeak ordaintzen jarraitzen du. Bergaran, lehen bi seme-alabengatik berdin kobratuko dugu eta hortik aurrerakoak doan izango dira".
Iaz 525 ume izan ziren eta aurten antzeko kopurua izatea espero dute: "Gurasoak, orokorrean, konforme daude eta Udala oso gustura dago Jardunek egiten duen lanarekin". Maiatzaren 11ra arte eman ahalko da izena; www.bergara.eus webgunean, udalekuen atalean.