Gipuzkoako Erremonte kopako finala jokatu da gaur Bergarako pilotalekuan, eta Urriza-Azpiroz bikoteak erraz irabazi dute partida Matxin III-Ion bikote azpeitiarraren kontra. Jende gutxi batu da erremontea ikusteko frontoian, baina gerturatu direnek ikuskizun polita jarraitu ahal izan dute.
Aurrea azkar hartu dute Urrizak eta Azpirozek markagailuan (11-5), eta urdinek ezin izan dute erantzun sendorik eman. Urrizak tanto politak egin ditu aurrealdean, eta Xabier Azpiroz gaztea ere txukun ibili da atzeko koadroetan. Matxin III.ak akats dezente egin ditu aurrealdean, eta gorriek ihes egin dute markagailuan (26-13). 32-17koarekin, bost tanto jarraian egitea lortu dute azpeitiarrek (32-22), baina gorrien nagusitasuna ikusgarria izan da gaurkoan. Azken emaitza 35-24koa izan da, eta Elena Lete alkateak jantzi dizkie txapelak garaileei.
Finalaren aurreko partida ere polita eta oso estua izan da. Juaneneak eta Zubirik (urdinak) Ansa II.a eta Zaldua (gorriak) izan dituzte aurrean, eta ia partida osoa erosotasunez markagailuan aurretik joan ondoren, 35-34, estu lortu dute garaipena urdinek.