Iruñenean abenduan grabatu zituen Kaleko Urdangak taldeak abesti berriak. Irailean argitaratuko dute bilduma osoa, eta datorren astean aurkeztuko dute aurrerapen moduan, hiru kanturekin osatu duten binilo laburra; datorren asteko egubakoitzean, Kartzela Zaharrean izango dira.
Sarean ikusgai dago Biolentzia 1984 abestiaren bideoklipa. "Urte nahasia izan zen: GAL erakundearen hilketak, Euskalduna eta beste lantegietan borrokak... baina, Oi! mugimendukoendako gertakari polit bat ere bai: Kortatu taldeak lehen lana kaleratu zuen. Lagun berak ditugulako jo genuen Muguruzarena, gustatu zitzaion kantuan kolaboratzeko egin genion proposamena; baina haren agenda hain da betea, zaila zela data bat adostea. Halako baten berak deitu zigun, eta otsailean grabatu genuen Irunen", dio Asier Kortabarria taldekideak.