Daniel Laskurain: "Habia apurtuekin, naturarekiko dudan kezka azaldu nahi dut"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko api. 30a, 12:04

Kabiak erakusketa Aroztegin egongo da ikusgai maiatzaren 13ra arte. Artista bergararra "pozik" dago herrian erakutsi behar duelako.

Zer ipiniko duzu ikusgai?
Habiak jarriko ditut; 100 bat habia izango dira, guztiak ezberdinak. Marrazkiak, eskulturak, argazkiak... dira. Erabilitako materiala birziklatua da, edo aurkitutako egur zatiak... Gainera, habiak apurtuta daude, edo erreta... Hau da, metafora moduan erabili ditut: adierazi nahi dut zein egoeratan dagoen natura.

Naturarekiko daukazun kezka azaldu nahi duzu?
Habiak egoera kaskarrean daude. Horregatik, metafora moduan erabili ditut: ikus dezagun natura nola zaintzen dugun. Natura zein egoeratan dagoen hausnartu, eta hainbat txori espezie zergatik desagertzen ari diren pentsatzeko.

Noiztik lantzen duzu gai hau?
Orain dela bost urte hasi nintzen gai hau lantzen. Orduan, beste proiektu batzuk ere banituen esku artean. Egun, beste proiektuak bukatuta ditut eta gai honekin bakarrik nabil.

Zergatik ematen diozu horrelako garrantzia?
Gai honekin gustura nabil: batetik, artista plastiko moduan hainbat materialekin lan egiten nabilelako; bestetik, nire kezka adierazten dut. Zer egiten ari gara munduarekin? Hainbat habia hutsik daude. Zergatik daude hutsik, non daude txoriak? Hala ere, irakurketa bat baino gehiago egon daitezke erakusketaren gainean. Siriako etxe bonbardatuak ematen dutela ere esan didate.

Berezia da, zuretako, erakusketa Aroztegin jartzea?
Bai, norberaren herrian jartzea erakusketa berezia izaten da. Egun, ni ez naiz Bergaran bizi, baina aste bukaera guztietan joaten naiz herrira. Bergaran artearekiko eta, bereziki, pinturarekiko giro berezia dago; gainera, Aroztegi aretoa oso ondo dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak