Badira akordutik nekez ezabatzen diren datak. Gertakariak. Eta horietako bat da 1967ko apirilaren 23koa. Realzale askok izango dute gogoan Puertollanon gertaturikoa (Ciudad Real): Lehen Mailara igo zen Reala, Jesus Aranbarri arrasatearrak sartutako gol bati esker –berdinketaren gola; 2-2 amaitu zen lehia–. Eta jokalariek ere ahaztu barik dute hori. Gustuko dute garai hartakoa gogora ekartzea, horren inguruan berba egitea, elkarrekin, talde izaera mantenduz.
Hori horrela, Puertollanokoek urtero finkatzen dute hitzordua. Eta aurten, Bergara aukeratu dute batzarleku. Hala, hamalau jokalari ohik Umore-Ona elkartean bazkalduko dute zapatuan. "Urteak dira Jose Agustin Arantzabal Gaztelu-k urteko bazkarira etorri ezin duela. Eta bere herrira [Bergara] etortzea erabaki dugu. Taldea izaten jarraitzen dugu. Bera ikusteko gogoz gaude", aitortu du Jon Sagastak, Realeko jokalari ohi arrasatearrak. Gaztelu-ren semea, Agustin Aranzabal, ere joango da bazkarira.
Besteak beste, halako bilkuretan, garaiko anekdotak dakartzate gogora Puertollanokoek. Adibiderik ere badu Sagastak: "Esaterako, gogoan dut norbaitek Gora Euskadi esan ziola Arzaki –irratia entzuten zegoen–. Eta El Cadiz 0-0 izan zen haren erantzuna". Eta jokalari ohiek "gustura" gogoratzen dituzte halakoak. "Polita da garai hartakoez berba egitea; eta, era berean, taldekideak berriz ikustea", aitortu du. Talde izaera barruan dute oraindik.
Duela bi hilabete
Bazkari orok du aurre-lanketa bat. Eta duela bi hilabete hasi ziren horrekin. "Gaztelu-rekin elkartzeko bazkaria egin gura zutela esanez deitu zidaten. Orduan hasi ginen guztia prestatzen. Gaztelu-k berak ere gustura hartu du berria. Oso pozik dago", dio Fernando Juaristik, Realeko jokalari ohiak. Hark du janaria egiteko ardura, Juan Manuel Agirrezabal Pepelu-rekin batera.
Bestetik, jada zehaztuta dute menua: onddo nahaskia, foiegras txigorkia, kokotxak bakailaoarekin, solomilloa piper gorriekin eta pasteltxoak. Beraz, une gogoangarria izateko aitzakia barik daude Puertollanokoak. Realaren eta Athleticen arteko derbia dute, gainera.