Hejman Torbjornek irabazi du 44. Gorlako Igoera

Mireia Bikuña 2018ko mar. 25a, 17:40

Hostal Latorre Ederlan taldeko ziklistak, Lizarte taldeko Ivan Moreno eta Euleneko Gabriel Machado izan ditu lagun podiumean. Talderik indartsuena Lizarte izan da. 188 ziklistak hasi dute lasterketa eta 65 bakarrik heldu dira helmugara.

Eguraldiak infernuaren pare ipini du gaurko Gorlako Igoera. Lehen metroak bakarrik egin dituzte aterian ziklistek. Segituan hasi da euria, tarteka izan bada ere. Horrek arriskutsu bihurtu du lasterketa. Osintxuko lehen joan-etorria tropelean egin dute. Babesean. Zubillagako lehen itzulian, taldetxo bat zegoen buruan. Tropel nagusiak oso gertutik jarraitzen duen lasterketa burua.

Ibilbide berbera egin duten bigarren aldian, tropela elkarrekin pasa da Bergarako saihesbidetik. Burdiñate kaletik sartu dira herrigunean eta Bolua auzoan hasi dute Gorlako lehen igoera. Borroka estua  eta latza izan dute guztiek. Helmugatik pasa diren lehen aldian Arturo Gravalos izan da azkarrena eta berak irabazi du Malatu saria.

Jaitsiera gordina

Elosu jaisten hasi dira lasterketako lehen arazoak. Errepide erdian zuhaitz bat gurutzatuta topatu dute eta boluntarioek segituan garbitu dute tropelak aurrera egin zezan. Jaitsiera gordina izan da ziklistendako. Askok, lasterketa bertan behera uztea erabaki dute.

Aizpurutxo igo ostean, Zumarraga, Urretxu eta Legazpi zeharkatu dituzte, eta Udanatik Oñati aldera hartu dute. Kontu handiz jaitsi dute Udana, errepidearen zati bat egoera txarrean baitago.

Elorregin aurretik dira Caja Rural eta Baque taldeetako txirrindulari bana. 10 segundoko tartea bien artean eta atzetik, tropela. Bi ziklistek bat egin dute Candy parean eta segituen irentsi ditu tropelak. 

Tropela zatikatu

Hala, elkarrekin hasi dute sartu dira Bergaran. Elkarrekin. Bada, Boluako lehenengo aldapan tropela zatikatu egin da eta hamabost bat ziklistekin taldetxo bat osatu da. Igoeraren tramurik gogorrenetan, ihesaldi saiakerak egon dira, baina, Hejmanena eta Morenorena izan da aurrera egin duen bakarra. "Hejmanek erritmo bizia ipini du. Oso fresko zegoen eta ni neu larri ibili naiz hari segika", esan du bukaeran Morenok.

Azken erritmo aldaketan atzean geratu da Moreno, eta norvegiarrak bakarrik egin ditu azken metroak. Helmuga gurutzatu du, besoak altxatu gabe. Ospakizun barik. "Uste nuen nire aurretik beste ziklistaren bat zegoela. Azken igoera atzetik aurrera egin dut eta ez nekien nor zegoen aurretik. Ezustea izan da, baina oso pozik nago. Izan ere badakit, Contadorrek, Puritok eta Landak hemen irabazi izan dutela", aipatu du saria jaso ostean.

Erdia baino gutxiago

Gaurko lasterketaren gogortasuna, probak berak utzitako datuetan antzeman daiteke. 188 txirrindularik hasi dute lasterketa eta 65 bakarrik heldu dira helmugara. "Hotza pasa dute guztiek, baina, batzuek asko sufritu dute, bereziki jaitsieratan. Zorionez ez da arazo larririk egon" esan du Lokatza taldeko Xabier Arantzetak.

Sailkapenak

Orokorra

  1. Torbjorn Hejman 03.33.19
  2. Ivan Moreno      03.33.26
  3. Gabriel Machado  03.33.45
  4. Juan Pedro Lopez  03.33.45
  5. Marti Marquez  03.33.51

Taldeka

  1. Lizarte  10.41.31
  2. Caja Rural 10.43.34
  3. Ampo  10.45.02

Mendiko saria

  1. Torbjorn Hejman 
  2. Arturo Gravalos
  3. Ivan Moreno

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak