Ugarteburuk kirol elkarteetako ordezkariei nabarmendu zien epeak betetzeko garrantzia: "Buletinean argitaratu da dagoeneko aurtengo diru-laguntzen deialdia. Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 19an amaituko da. Hori baino lehen aurkeztu behar dituzte eskaerak udaletxean".
Eraikinen erabilera
Kirol eraikinen inguruko gaia "korapilatsua" izan zela dio Ugarteburuk. "Arazoak ditugu eraikin publikoetan; batez ere, Labegaraietan eta Ipintzan erabiltzaile asko daude eta askotan horien portaera ez da batere egokia izaten". Azaldu du abisu asko eman dituztela eta muga batera iristen ari direla: "Apurketek eta ez betetze larri batzuk jarraituz gero neurriak hartu beharko ditugu. Izan ere onartu ezin daitezkeen gauzak gertatzen dira", gaineratu du. "Entrenamendu orduetan, desordena asko, gauza asko apurtu… eskatu nahi duguna da erabiltzaileek egin dezatela erabilera egoki bat bestela denok kaltetuak ateratzen gara", dio.
Labegaraieta lanak
Udalak kirol eraikinen berrikuntza egiteko proiektua dauka, eta oraindik aurreproiektuarekin dabiltzan arren, asmoa da 2019an obrekin hastea. Labegaraietako eraikina da berrituko dutena, eta obra horiek eragina izango dute kirol elkarteengan. "Hasiera batean, kiroldegia erabiltzen dutenek ez dute kalteak nabarituko, baina bai Beti-Bustik eta Lokatzak. Horiek kiroldegi ondoko biltegia erabiltzen dute eta asmoa da biltegi hori botatzea", azaldu du Ugarteburuk. Kirol teknikariak azaldu du elkarte horiei beste aukera batzuk eskaini beharko zaizkiela.
Egingo diren lanak dira: biltegia botatzea, aldagela berriak egitea; eta, eraikin dena berrituko da –kantxa, materiala, sarrerak, irisgarritasuna, rokodromoa berrituko da eta gimnasioa egingo da–. Ugarteburuk azaldu du orain dela momentua proiektuari ekarpenak egin eta behin betikoa zehazteko.
Kirolaren gaineko erakusketa
Bergararen 750. urteurrenaren harira Bergarako historiaren argazki bilduma egin gura dute. Asmoa da erakusketa ekainaren 8an zabaltzea, Agorrosinen. 60 bat argazki erakutsiko dute.