Badator Bergarako feriarik handiena

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko mar. 20a, 09:00

Iaz eguraldi ederra egin zuen feria bisitatzeko.

Orain arteko euri iragarpenek hutsik egingo zain egongo dira bergararrak zapatura, martxoak 24, begira. Erramu zapatua da, urteko feriarik handiena –aurten 118 postu egongo dira–. Hala ere, asteburu osorako egitaraua egongo da: egubakoitzean puntako bertso jaialdia –Seminarixoan, lehenengoz– eta domekan frontoia goraino beteko duen Go!azen 4.0 ikuskizuna, besteak beste.

Erramu Zapatu Bezperako Bertso Jaialdia martxoaren 23an (22:00) izango da eta, aurten lehen aldiz, Seminarixoan. Sarrerak 8 eurotan eskura daitezke Seminarixoko txarteldegian eguenean 18:00etatik 20:00etara edo, agortzen ez badira, emanaldiaren egunean. Era berean, ticket.kutxabank.es plataforman ere eros daitezke. Aurten ere goi mailako bertsolariek hartuko dute parte: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Unai Agirre, Aitor Sarriegi eta Iker Zubeldia.

Ferian, 118 postu

Urtero moduan zapatukoa izango da egun handia. 09:00etatik aurrera, abelburuen erakusketa, Euskal Oiloaren erakusketa, makinaria, Eusko Label produktuak eta artisautza izango dira, besteak beste.

San Martin plazan artisautzako 40 postu izango dira; Muniben orotariko 10 postu; Simon Arrietan eta Fraiskozurin elikagaien 50 saltoki; eta Seminarioko patioan makinaria, burdindegi, baserriko tresna eta pentsua erosteko 18 saltoki.

Horrekin batera, Jardunek talo postua jarriko du Seminarioko karpan eta Segurako talogileak Fraiskozurin izango dira. Eta San Martin plazan Eusko Label baserriko txerria dastatu ahal izango da.

Horrez gain, Seminarioko patioan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldietarako hainbat herritarrek sortutako lurrun-makina martxan ikusi ahal izango da.

Kale animazioari dagokionez, Bergarako Musika Eskolako trikitilari, akordeoilari, txistulari eta dantzariek kalejira egingo dute 11:00etan; Aurtizko joaldunak 11:30ean irtengo dira; 12:30ean Bergarako trikitilariek emanaldia egingo dute Ibargarai kalean; eta arratsaldean kale animazioa izango da txarangarekin.

Horiez guztiez gain, herri bazkaria izango da frontoian (14:30), Txapa Irratiak antolatuta; 12:00etan ikastaroak eta tailerrak izango dira San Martin plazan (bainurako gatz lurrinduak, otargintza, paper marmolatua eta beste); eta 17:30ean zezentxoak izango dira Seminarioko patioan.

Aldaketak aparkalekuetan eta zirkulazioan

Aparkalekuak:

  • Ibargarai kalea 4 zenbakitik 8ra kotxez libre egon beharko da egubakoitz goizean.

  • Ibargarai kalea 8 zenbakitik 14ra kotxez libre egon beharko da zapatu goizean.

  • Fraiskozuri kaleko alde biak libre egon beharko dira egubakoitzean, 07:30erako. Bertan postuak jarriko dira.

  • Erdialdean aparkaleku asko kenduko direnez, zapatuan Ipintza institutuko eta San Martin Agirre ikastetxeko jolas tokiak zabalik utziko dira aparkaleku bezala erabiltzeko.

Trafikoari moztutako kaleak:

  • Ibargarai, Fraiskozuri eta Bideberri trafikoari itxita egongo dira goizean zehar. Beraz, trafiko guztia saihesbidetik desbideratuko da.

Hori ikusita garajea dutenei gomendatzen zaie egun horretan kotxea barrura sartzeko eta herritar guztiei oinez joateko erdigunera, ahal den neurrian behintzat, trafikoa oso nekeza izango delako.

Horrez gain, udaletik gogora ekarri dute azken feria egunetan azken urte hauetan zorro-lapurrak azaldu direla, eta herritarrei tentuz eta arretaz ibiltzeko gomendioa egin die.

Domekan, Go!azen!

Etxeko txikienak domekarako zain ere egongo dira. Izan ere, 18:00etan hasiko, udal pilotalekuan, Go!azen! 4.0 ikuskizuna. Sarrerak agortuta daude.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak