"Ekainaren 10az berba egiten hasi aurretik esan behar da, badagoela sukalde lan bat politikoekin lantzen ari dena. Politikariei erakutsi behar diegu hemen gaudela, ez garela ez hiru ez lau, milaka garela, eta garrantzitsua da ekainaren 10eko giza katea oso arrakastatsua izatea", adierazi du Bergarako Gure Esku Dago dinamikako Maite Aristegik gaur goizean Irizar Jauregian egin duten ekitaldian.
Ekainaren 10ean, Gure Esku Dagok antolatuta, Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko dituen giza katea egingo den egunean, Bergarari egitea egokitu zaion horren gaineko informazioa eman dute ekitaldian. Batu diren herritarrek adi entzun dituzte Aitor Erañaren eta Maite Aristegiren hitzak eta egun hori ahalik eta arrakastatsuena izan dadin lortzeko ekarpenak ere egin dituzte.
1.000 pertsona Bergaratik
Maltzagatik Eibarrera arteko zatian, bi kilometro egokitu zaizkio Bergarari. Kilometro bakoitza betetzeko 500 pertsona beharko direla kontutan hartuta, 1.000 bat izatea da helburua eta horretarako lanean hasi dira gaur. Lan horretan laguntzeko eta beste hainbatetarako boluntarioak ere behar direla adierazi dute gaurko ekitaldian antolatzaileek. "Gauza asko dago egiteko eta gura genuke herritarrak animatzea", adierazi dute. Motorrak berotzen joateko, kamisetak ere atera dituzte dagoeneko.
Irizar jauregiko ekitaldiaren ondoren murala margotu dute Irizar kalean eta txorizoa eta salda ere banatu dituzte. Astelehenean egingo du Arrasateko Gure Esku Dagok ekainaren 10eko giza katearen nondik norakoak azaltzeko ekitaldia eta martitzenean, martxoaren 13an, egingo dute Oñatin.