Benjamin mailako igeriketa txapelketa egingo dute bihar, zapatua, Agorrosinen

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko mar. 9a, 16:33

Igeriketa taldea lan ona egiten dabil denboraldian zehar. Horren adibide da azkeneko aste bukaeran izan dituzten emaitzak; eta, lan on horrekin jarraitzeko asmoa izango dute bihar, zapatua. Elkarteko txikienen txanda izango da: benjamin ligaren barruan jokatuko den jardunaldia izango dute, 16:00etan, Agorrosinen.

Oñatiko, Legazpiko, Eibarko, Azkoitiko eta Azpeitiko igerilariak izango dira Agorrosinen. 8 eta 10 urte bitarteko neska-mutikoak izango dira, eta aukeran izango dute hainbat lan egiteko. Benjamin txikiek aukeratu beharko dute 50 metro bular eran igeri egin, edo 100 metro egin; eta, handiek lau aukera izango dute: 50 metro krol, 50 metro libre, 100 metro bular eran edo 200 metro bular eran.

Etorkizuneko taldea

Bergarako taldeak 34 neska-mutiko ditu benjamin mailan: "Talde polita da, etorkizuna dagoela ikus daiteke", azaldu du Xabier Labaka entrenatzaileak. Labaka entrenatzaileak herritarrak animatu nahi ditu biharko proba ikus dezaten. 16:00etan hasiko da lehiaketa.

Gipuzkoako saria

Otsailaren 24an eta 25ean hainbat domina lortu zituzten igerilari bergararrek. Legazpin Gipuzkoako saria jokatu zuten. "Aurreikuspenak samur" bete zituzten Labakaren esanetan. Erreleboetan brontzezko domina lortu zuten Unai Belategik, Unai Egañak, Asier Reguerok eta Iker Pozak; eta, gainera, taldeka, hirugarren sailkatu ziren bergararrak.

Bestalde, Gipuzkoako neguko txapelketa jokatu zuten Irunen, zapatuan eta domekan. Besteak beste Josu Morrasek zilarrezko domina lortu zuen, Nielka Ibargurenek 2 brontzezko domina, eta Ziortza Ibaibarriagak, Uxue Azkaratek eta Marta Melendezek brontzezko domina bana. Emaitza horiek guztiak kontuan hartuta zazpi lagunek lortu dute Euskadiko txapelketan parte hartzeko txartela: Marta Melendezek, Uxue Azkaratek, Julen Gardokik, Josu Morrasek, Xabier Labakak eta Leire Sainz eta Elene Imaz legazpiarrek. Egindako lan onaren emaitza jaso dute igerilariek.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak