Elkartea osasuntsu dago bazkide kopuruari dagokionez. Momentu honetan 98 bazkide daude –horietako zortzi jubilatuak–, eta plaza guztiak beteta izan arren, itxaron zerrendan jendea dute zain. Gainera bazkideen bataz besteko adina nahiko baxua da, jende gazte ugari sartu delako azken aldian. "Elkarte alboan etxe berriak eraiki dira, eta haurrak dituzten bazkide gazte asko sartu dira. Beraz, urte batzuetarako etorkizuna nahiko bermatuta daukagu" azaldu du Ainhoa Bengoa elkarteko presidenteak.
Urtean zehar ekintza gehiago egiteko asmoa dutela ere azaldu Bengoak. "Gaurko ardo dastaketarekin hasi dugu ekintza zikloa, eta aurrerago halako beste bat egingo dugu, baina garagardoekin. Horrez gain haur txikiak dituzten bazkide ugari ditugunez, haurrentzako ikuskizunen bat ere prestatu nahian gabiltza, pailazoekin seguruenik. Eta urtea borobiltzeko, bazkide guztiekin afari elegante bat egitea ere gustatuko litzaiguke".