Soraluze pilota txapelketak baditu bi finalista; lehen finalaurrekoak jokatu dira martitzenean, Bergarako Udal Pilotalekuan. Hain zuzen ere, promesen eta nagusien kategorietako pilotariek jardun zuten nor baino nor gehiago, lau t'erdiko txapelketako finalean jarduteko txartela eskuratu guran. Hala, Uribe – promes maila– eta Zubizarreta –nagusien kategoria– izan ziren garaile, nor bere kategorian.
Hain zuzen, Iriarte eta Uribe pilotarien artekoa izan zen arratsaldeko partidu lehiatuena; eta, azkenean, bigarrenaren alde egin zuen balantzak: 22-19. Esan moduan, pare-parean jardun zuten bi pilotariek, inork ihes egin ezinda. Eta, halakoetan, hutsegiteek erabaki ohi dute lehia. Hala gertatu zen: zortzi huts egite izan zituen Iriartek; eta lau, Uribek.
Bestetik, nagusien kategoriakoa izan zen arratsaldeko beste partidua; Labaka eta Zubizarreta ziren lehiaren protagonista. Horiek, ordea, ez zuten horren partidu orekatua eskaini. Izan ere, gogor hasi zuen partidua Zubizarretak: 8-0 aurreratu zen markagailuan –sakez egin zituen lau tanto–. Eta, ostekoan, ez zen apartekorik izan. Partidu bukaeran 9-22 zioen markagailuak; Zubizarretak eskuratu zuen finalerako txartela.
Bi finalista falta dira
Oraindik orain, bi finalista falta zaizkio Soraluze pilota txapelketari, eta datorren martitzenera arte ez da izenik jakingo. Orduan jokatuko dira falta diren bi finalaurrekoak, Bergarako Udal Pilotalekuan: Exposito-Egiguren –promes kategoria– eta Salaberri-Zubiria –nagusien mailan–. 19:30erako finkatu dute hitzordua. Eta, ostera, martxoaren 13an jokatuko da finala, 19:30ean hasita, Bergaran bertan.