Denboraldi berrirako egitasmoa aurkeztu du Lokatza ziklismo taldeak. Eta jada finkatuak dituzte helburuak: entrenamenduak, diziplina eta laguntasunean oinarrituriko heziketa. Hala, horien bueltan antolatuko dute hemendik aurrerakoa. "Bizikletak eskaintzen dituen balioekin hezi gura ditugu Bergarako, Antzuolako eta Elgetako txirrindulariak", azaldu du Jon Unamunok, Lokatza taldeko presidenteak. Eta ez dute lehia baztertuko: urtean zehar antolatzen diren zenbait lasterketetan esku hartuko dute –tartean dira Lokatzak bultzatutako hitzorduak–. Aurten, lau txirrindularitza proba izango dira Bergaran.
Zapatuan aurkeztu zuten egitasmo berria, Bolintxo lantegi aurrean. Eta aurtengo kirol proiektua osatzen duten txirrindulariek esku hartu zuten hitzorduan. Denboraldi berriari ekiteko "gogoz eta ilusioz" ziren horiek. Gainera, zenbaitek ez zuten luze itxaron beharrik izan: kadete mailakoek zapatuan bertan ekin zioten denboraldiari, Ibaetako txirrindularitza proban –20 kilometroko ibilbidea du–. Bost txirrindularik jardun zuten bertan –zazpi dira, guztira–, eta taldeko kideak "gustura" dira bertan erakutsitako mailarekin.
Harrobia erdigunean
Ohi moduan, harrobia dute erdigunean Lokatzakoek. Eta, hori horrela, hainbat kategoriatan izango dituzte taldeko ordezkariak: benjamin –Aimar Osa, Markel Eguren, Ion Martin eta Aitor Markiegi–, alebin –Ekaitz Labaien, Ibai Igarza, Ekhi Larrañaga, Iosu Garitano eta Ekhi Amuategi–, infantil –Liher Eguren, Auritz Arantzabal, Xabier Mugika, Oxel Minguez, Aratz Arenaza eta Unax Errasti– eta kadete –Markel Oregi, Iker Ugarte, Ibai Unamuno, Mikel Gallastegi, Julen Prieto, Unai Zenitagoia eta Lander Uribesalgo– mailetan izango dira Lokatzako txirrindulariak. Hori horrela, lantalde sendoa dute Lokatzakoek.
Eta, aurrekoez aparte, mendi bizikleta jaitsieretan ere zenbait ordezkari izango ditu ziklismo taldeak. Hain zuzen ere, Manu Castro, Ibon Odriozola, Jon Larrea, Jon Fernandez, Unai Larrea eta Mikel Fernandez txirrindulariak dira horiek. Hala, aurrera begira jarriak dira dagoeneko, etortzeke dauden lasterketetarako prestatzen.
Bi lasterketa gutxiago
Aurten, bi bizikleta proba gutxiago eskainiko ditu Lokatzak. Hain zuzen ere, bertan behera utziko dituzte Labegaraietako gazte mailako proba eta Mendekosteetako lasterketa. Denboraldiak dakarren "lan pilaketa" jarri dute erdigunean: "Lan asko egin beharra dago taldeak bere bidea jarrai dezan –administrazioa, diru laguntza eskaerak...–. Ez da edonolako zeregina. Are gehiago: gaur egun asko sakondu beharra dago halako arduretan, zaildu egin baita lan administratiboa. Horrenbestez, ezin gaitezke guztia egitera heldu". Gaur-gaurkoz, bost kidek dihardute halako ardurekin.
Hori, ez da edozelako albistea txirrindularitzaren munduarentzat. "Txirrindularitzak ibarrean duen zaletasuna ikusirik, pena da karteldegian bi txapelketa gutxiago izateko erabakia hartu behar izatea. Baina ez dugu beste erremediorik izan", argitu du Jon Unamunok, Lokatza taldeko presidenteak.
Gauzak horrela, aurtengoan lau izango dira Bergaran egingo diren txirrindularitza probak. Zehatz esanda, Gorlara igoera –martxoak 25–, Labegaraietako eskolarren lasterketa –apirilak 21–, Emakumeen San Martzialera kronoigoera –ekainak 15– eta San Antonio Saria –ekainak 17– izango dira aurtengo hitzorduak. Eta, orain, buru-belarri dihardute horiek antolatzen.