Txistulari Bandari bultzada ematea erabaki zuen orain dela ia bi urte Bergarako Udalak, eta ordutik indartu egin da taldea. Ordura arteko zuzendari Ramon Etxaniz erretiratu eta Jose Miguel Laskurainek hartu zuen taldearen gidaritza, eta musika eskolako txistulari gazteei lekua egin die horrek. Hala, talde gaztea, eta era berean, eskarmentuduna osatu dute, lanerako gogotsu dagoena eta bergararrei txistu doinuak helarazteko gertu.
Eskerrak emateko keinua
Ohikoak dira kalejirak eta udaletxeko arkupetako kontzertuak herrian. Baina gaurkoa berezia izan da; horregatik hain zuzen udaletxeko osoko bilkuren aretoa izan du lekuko. Bergarako agurra aurkeztu dute han, Bergarako herriari eta Udalari eskerrak emateko keinu apal baina esanguratsua.
Aurkezpen hori beste hamaika kanturekin osatu du bandak. Jose Inazio Ansorena txistulari ezagunaren hainbat abesti jo dituzte, Algaraz arin arina eta Adiskide euskorra, batetik, eta hark moldatutakoak bestetik, Artzai kantak, Antxoni eta Bedaioko dantzak. Eta kanta ezagunen doinuekin –Agur Xuberoa eta Aintza– ere bete da aretoa.
Hainbat Udal ordezkari elkartu dira ikusmin handia eragin duen kontzertuan, eta bukaeran, guztiek elkarrekin abestu dute Bergarako agurra –letra ere baduelako– herriko bi dantzarik lagun eginda.