Gaur, etxeko taldea
Gaur, egubakoitza, hasiko dute musika jaialdia. 22:00etan hasiko da zuzeneko musika kartzela zaharrean: Hardflip, Norkzerk?! eta Take Warning taldeekin. Jaialdirako sarrerak 3 euroko kostua izango du. Hardflip Bergarako hardcore-punk taldea da. Aurten 10 urte bete dituen taldea da, eta modu ezin hobean ospatuko dute urtemuga herritarrekin. Norkzerk?! Beasaingo taldeak, aldiz, lehenengo diskoa aurkeztuko du kartzela zaharrean. Eta, azkenik, eskola zaharreko hardcorea entzuteko aukera egongo da. Bilbotik etorrita, Take Warning taldeak doinu gogorrak eskainiko ditu.
Kontzertuak amaitu ondoren, Dj's Hard of Beats musikariek girotuko dute gaztetxea.
Herstura eta Uther, doan
Zapatuan bi saio egingo dituzte. Lehenengo saioa 19:00etan izango da, doan. Herstura talde oñatiarrak eta Uther taldeak eskainiko dute kontzertua. Lehenek post-hardcorea egiten dute eta bigarrenek musika azkarra jotzen dute, fastcore eta power violence koordenadetan. Uther taldea musikari arituek osatzen dute. Saio horren ondoren afaria egingo dute gaztetxean bertan, 2 euroren truke. Afaria bukatutakoan hasiko dute bigarren saioa.
Bigarren saioa, 5 euroren truke
Zapatu gaueko bigarren saioko sarrera 5 euro izango da. Blood Brothers, Ansia, Paniko eta Holy Nuns taldeak igoko dira taula gainera. Blood Brothers Errioxako taldeak hardcorea eskainiko du; Kataluniako Ansia taldeak crust-punk doinuak lantzen ditu; Paniko taldea Zarauztik eta Oreretatik dator, hardcore-punk estiloko disko berria aurkeztera; eta Holy Nuns talde donostiarrak punk-rocka egiten du. Zati azkarrak eta zati punkak nahasten ditu Holy Nuns-ek. Oihartzun handia duen jaialdia izaten da Tapoi Fest hardcore musika jaialdia.