"Esleipenean arazo administratiboak izan ostean, berandu eta garai okerrean hasi ginen asfaltatze lanekin. Abuztuan aurreikusten genuen hastea eta azaroan hasi dugu. Gainera, denok dakigu nolako negua egin duen. Azken hilean ia egunero egin du euria, eta horrek atzerapen nabarmena eragin du", esan du Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Lander Arregik. "Ez da arruntena, baina gertatu da".
Zirkulazioan eta herritarrengan eragindako eragozpenengatik barkamena eskatu du Arregik: "Jakin badakigulako obra hauek buruhausteak sortu dituztela herritarren artean, eta gura baino gehiago luzatu direlako".
Herriko hamalau puntutan egingo dituzte lanak
Dagoeneko honako puntuak asfaltatu dira: Amillaga, Aranerreka, Martoko-San Antonio, Oxirondoko kurba, Osintxuko zebrabidea, Arrizuri-Mintegi eta Mizpildi. Azken kasu honetan inprimatzea egitea eta margotzea falta da, baina horretarako hainbat egunetan ateri egon behar duela adierazi dute Udal ordezkariek, "Hezetasun honekin ez dagoelako ezer egiterik".
Hasierako plangintzatik beste puntu hauek asfaltatzea falta da: biltegiko sarrera, Telleria, Erguingo garajeen sarrerak eta Mazterreka, hain zuzen ere. Bestalde, horiek bukatu ahala, puntu berri hauek asfaltatzeari ekingo diote: Zabalotegi, TokiEder-Artzamendi, Larramendi poligonora doan bidea (San Juan auzoan), Osintxuko sarrera (iturri ondoan); eta dirurik balego, baita Ozaetako zubia ere.
Lanen aurrekontua 338.000 eurokoa da eta asfaltatze lanak egiteaz gain, obra zibila (espaloiak, sumideroak…) eta seinaliztapen horizontala berritzeko ere baliatu da lan prozedura hau.