Rezusta eta Elezkano II. garaile, goi mailako partidu oso parekatuan (22-19)

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko ots. 3a, 11:39
Beñat Rezusta, pilota astintzeko gertu.

Binakako pilota txapelketako profesionaleko 11. jardunaldiaren barruan, Rezusta eta Elezkano II.ak Irribarria eta Jaunarenaren aurka neurtu zituzten indarrak atzo gauen Bergarako udal pilotalekuan. Partidu oso parekatuan, pilotari bergararra eta Elezkano irten zen garaile (22-19). Bergarako munizipala txiki geratu zen.

Goi mailako pilota partidu profesionala jokatu zen atzo, egubakoitza, Bergarako munizipalean. Binakako txapelketaren barruan, Rezusta eta Elezkano II.a eta Irribarria eta Jaunarena –Merino ordezkatu zuen, eskuan min hartuta dagoelako– izan ziren aurrez aurre. Oso partidu parekatua izan zen; Irribarria eta Jaunarena hobeto hasi ziren, Rezusta lekua ondo ezin hartu ibili zen-eta hasieran. Hala ere, 13na berdindu ostean Rezusta eta Elezkano II. joan ziren aurretik, 19na ere berdindu arte. Amaieran, 22-19.

Rezusta etxean

Bergarako munizipalak pilota jaialdi ederra bizi izan zuen atzo, etxeko pilotari kutuna kantxan zela. Pilotari bergararra ohikoa duen mailatik beherago hasi bazen ere –hiru sake ezin izan zituen eraman, jarraian–, partiduaren erdialdetik aurrea betiko Rezustatik gertu aritu zen. "Bost sake sartu zizkioten partidu osoan zehar eta hori askotxo izan daiteke, baina gero tantorik ez zuen apenas galdu. Gehiago jotzen ere ikusi izan dugu, baina pilota zailak ere eramateko gai izan zen", dio Reyes Azkoitiak.

Asegarcek lehen aldiz antolatu zuen pilota jaialdia Bergaran eta Azkoitiak azaldu duenez, oso gustura geratu ziren sarrerarekin. Izan ere, argi geratu zen harmailetan zein zen etxeko pilotaria baina Irribarria bera ere oso maitatua da Bergaran; pilota zaleek ez dute ahaztu oraindik iaz binakako txapelketan txapeldun izan zirela.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak