12 urte dituenetik dihardu Oregik muralak margotzen. "Batxilergo artistikoa egin nuen, baina autodidakta naizela esan daiteke. Zaletasun moduan hasi nintzen honekin, eta egun hau da nire lanbidea", azaldu du. Muralak egiten ditu, eta baita ilustrazioak ere. "Estilo figuratiboa da nirea, baina pixka bat surrealista", azaldu du. Berea komikitik datorren estiloa dela gaineratu du Sortwo artistak.
Munduan zehar
Azkeneko bi urteak munduan zehar bidaiatzen eman ditu Oregik. Australian bizi zela erabaki zuen muralak egitea eta ilustrazioa izango zela bere ogibidea. Bada, hainbat artelan egin ditu nazioartean: Australian ibili zen, Maltan zortzi koadro erraldoi egin zituen, Monakoko street art jaialdirako deitu zioten... Bada, aurreko astean Maltatik etorri berria da. Asteon, Miguel Altuna Institutuko fatxadan ibili da muralak margotzen.
Hainbat bezero mota dituela azaldu du: jatetxeak margotu ditu eta musika taldeen diskoetako azalak egin ditu, besteak beste. Sortwo. com/about-me/atarian ikus daiteke haren lana.
Zazpi laguneko taldea osatu dute
Bihar, zapatua, hasiko dute Beartek antolatutako mural ikastaroa. "Bozetotik muralera dagoen prozesua azalduko dut", esan du. Horrez gain, hainbat teknika erakutsiko ditu eta fondoa nola egin, nola trazatu... erakutsiko du. "Mural bat egingo dugu Bearteko lokalean; bakoitzak bat edo guztion artean bat egin dezakegu, erabakiko dugu", gaineratu du.