La millor terra del mon izeneko pasadoble valentziarrarekin hasi dute emanaldia, musika gosez zeuden entzuleen gozamenerako. Bertan klarinete eta tronboiak izan dira gehien nabarmendu diren instrumentuak. Jarraian, Jericho abestia jo dute, Valentzian egiten diren lehiaketetan asko erabiltzen dena. Erritmo eta intentsitate aldaketa handidun abestia da, eta hasieran batez ere, metalak, oboeak eta kornu ingelesa izan dira nagusi.
Emanaldiaren ekuatorean Ezpata Dantza jo dute, egungo zuzendariaren aitak konposatutako abestia, hain zuzen. Konposatzailea flautista zela kontuan hartuta, instrumentu horrek pisu handia hartu du, baina baita piccoloek, klarineteek eta oboeek ere.
La canción del olvido izan da errepertorioko laugarren abestia. Zarzuela kantu honetan Xabier Markiegiren bonbardino soloa izan da puntu gorenetako bat, ezbairik gabe. Ostean Ennio Morriconeren soinu banden mix bat jo dute, abesti interesgarrienen zatiak, bata bestearen ostean interpretatuz.
Musikariek eta ikusleek bat egiten dutenean, propina abestiak izateko probabilitatea esponentzialki hazten da, eta gaurkoan baldintzak bete dira azken abesti bat jotzeko. Hala, Donostiako Martxa piezarekin esan dute agur Bergarako Bandako partaideek, non Patricia Gonzalez eta Amaia Azpeitia perkusionistek danbor-jole rola hartu duten.