Bidelagun Aitziber Garmendia, Ane Gabarain eta Aitor Fernandino aktoreak izan zituen. "Bergararrek badute musikarako eta antzerkirako zaletasuna, ohitura. Plazer bat da Bergarara etortzea. Gaur gainera bete eginda da aretoa. Seminarixoa berezia da; ikuslea oso gertu daukagu eta erronka bat da. Publikoaren berotasuna ere gertuago igarriko dugu", azaldu zuen Garmendiak.
Bultzada kulturari
Herriko erdigunean horrelako areto bat izateak "kulturari bultzada" emango diola gaineratu zuen Laskurainek. Horrez gain, dagoeneko egitarau zabala antolatu dutela nabarmendu du, eta orain herritarren erantzuna ikustea falta dela.
Komedia dibertigarria
Endredozko komedia oinarri duen antzezlanak barre algara ederrak eragin zituen ikusleen artean. Umore ingelesa da antzezlanaren gakoa, eta horren inguruan, hainbat korapilok ikuslearen konplizitatea ere sortu zuen atzo Seminarixoan. Antzezlana abuztuan estreinatu zuten Donostiako Principal aretoan, eta ordutik hara eta hona dabiltza lanarekin. 90 minutuko iraupena duen komedia da eta aktoreak dira: Aitziber Garmendia, Ane Gabarain, Mikel Laskurain eta Aitor Fernandino. Alan Ayckbourn antzerkigile eta zuzendari ingelesaren lana da Relativity speaking –jatorrizko izenburua–. Zuzendari lanetan Begoña Bilbao dabil.