Igoera fasearen garrantziarekin jabetuta dena ematera atera dira etxekoak eta lehenengo minuturako sartu dute gola; epaileak, baina, baliorik gabe utzi du, horren arrazoia ulertu ez arren bergararrek. Gola sartzeko bidea zabalduta 17. minutuaren bueltan bigarrena iritsi da; Naiara Azkaratek egin du hori. "Lehen ordu-erdia oso ona izan da. Halako mailarekin sekula ez dugu jokatu", zioen Manu Diaz entrenatzaileak.
Ondoren iritsi da zorigaiztoko jokaldia. Epaileak penaltia adierazi du Anaitasunaren alde eta baloia urrundu nahian atzamar bi bere lekutik atera zaizkio atezainari. "Gola sartu digute orduan eta atezain barik geratu gara. Ordezkorik ez genuenez, gainera, jokalari batek jarri behar izan du", azaldu du Diazek, eta gaineratu du: "Lehenengo zatian geu izan zara gehiago. Pentsa, zazpi korner atera ditugu guk, eta eurek bat ere ez".
Lehiatzeko gai
Bigarren zatian iritsi dira azkoitiarren beste bi golak. "Apartekorik egin barik ere jo ona dute Anaitasunakoek eta badakite golak egiten". Hala ere, pozik zen entrenatzailea: "Benetan ondo egon da taldea; orain arte minutu gutxi izan dituzten jokalariek ere bikain erantzun dute. Eta erakutsi dugu lehiatzeko gai garela". Atezainari dagokionez, kolpea bakarrik duela jakinarazi diote, hortaz, datorren asteko partidurako osatuta egongo delakoan dago: "Eta bestela ez da inporta, daukagunarekin irtengo gara eta".