Epaileen eskuetan daude amodiozko gutun berriak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko urt. 13a, 12:01
Jarduneko Maitane Arizabaleta, Aitor Alberdi gazte-epaimahaikidearekin. Aregazkia: Jardun.

Otsailaren 14an Irizar jauregian egingo duten ekitaldian banatuko dituzte sariak. Aurten 79 gutun jaso dituzte Jardun euskara elkarteak bultzatzen duen lehiaketan parte hartzeko; urtarrilaren 25a da amodiozko esaldiak bidaltzeko azken eguna.

Astelehenean amaitu zen aurtengo sariketarako gutunak bidaltzeko epea, eta 79 da, aurten jasotako uzta. "Balorazio positiboa egiten dugu kopuruari begiratuta. Euskal Herriko herrialde guztietatik heldu zaizkigu, Gipuzkoatik gehienak (%78). Aipagarria da Iparraldetik bi bidali dizkigutela. Bitxikeria moduan, badugu Idahon bizi den Jardun Euskara Elkarteko bazkide bat, bere Facebookean askotan zintzilikatzen ditu gure kontuak eta ez dakit bide horretatik edo besteren batetik baina aurten ere Ameriketako Estatu Batuetatik, zehatzago, Los Angelestik, Kaliforniatik, jaso dugu gutun bat", azaldu du Jardun euskara elkarteko Maitane Arizabaletak.

Generoari begiratuta, ez dago alde handirik oraingoan: emakumezkoek idatzitakoak 43 jaso dituzte, eta gizonezkoenak, berriz, 36. "40 urtetik gorakoek idazten duten parte hartzaileen artean gizonezkoa da nagusi; eta 26 urte beherakoetan, berriz, emakumezko gehiago animatu dira".

Irakurri eta epaitzeko unea

Literatura eta kultura arloko aditu eta arituek osatzen dute epai-mahai nagusia; oraingoan, Eñaut Asurabarrena literaturazaleari, Ane Labaka bertsolariari, Patxi Larrion idazleari eta iazko irabazle Eider Perezi egokitu zaie lan hori. "26 urteko azpikoen gutunak epaitzea eta esaldirik onena aukeratzeko ardura, Aranzadi Ikastolako Aitor Alberdik eta Maider Guridik eta Ipintza Institutuko Maider Adrinuak eta Naiara Azkaratek dute aurten".

Esaldietarako, azken egunak

Orain dela urte batzuk abiatu zuten lehiaketaren bigarren arloa, hau da, amodiozko esaldiak jasotzea helburu duena. "Edozein pertsonak har dezake parte eta nahi beste esaldi aurkezteko aukera dago. Mezu guztiak jatorrizkoak, argitaragabeak eta euskaraz idatzitakoak behar dute izan. Epai-mahaikide gaztearen ustez onena denak jasoko du 100 eurotako saria".

Urtarrilaren 25a da parte hartzeko azken eguna: Whatsappez edo mezuz bidal daitezke 605 712 469 telefono zenbakira edo e-postaz, amodiozkogutunak@gmail.com helbidera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak