Orain dela hiru urte jarri zuten berriro ere martxan nesken futbol proiektua: "Hainbat urte seniorretan talde barik egon ondoren, orain dela bi urte berriro atera genuen taldea", azaldu du. Hasiera batean, jende gutxirekin hasi ziren eta gaur egun, 102 emakumek dihardute futbolean. "Senior mailan 25 jokalarik dute fitxa; horietatik zortzi kadete mailatik igotakoak dira", gaineratu du. Partidu askotan jende gaztearekin jokatu dutela nabarmendu du Diazek.
Lortutako emaitza nabarmentzekoa den arren, Diaz "pozik" dago taldea oso ondo entrenatzen delako, eta taldekideek duten jarreragatik: "Oso futbolzaleak dira. Dinamika ona dute eta gaztetxoak oso ondo sartu dira taldean".
Harrobi sendoa dute
Harrobi sendoa izatearen garrantzia nabarmendu du Diazek: "Garrantzitsua da hori. Modu horretan, neskek badakite eurek
nahi dutenera arte jokatu dezaketela futbolean, eta ez dutela 14 edo 15 urterekin nahitaez futbola utzi beharko". Taldeko dinamika ikusita, hemendik aurrera gozatzea dagokiela dio Diazek.
Anaitasunaren aurkako lehia
Bergarak ligako azkeneko jardunaldian lortu zuen igoera fasea jokatzeko txartela, Mutrikuri 2-0 irabazita. Gipuzkoako Erregional Mailako hirugarren multzoan jokatu dute bergararrek. Igoera faseko lehenengo jardunaldian, Anaitasuna izango dute aurrez aurre. Partidu "zaila" izango dela dio Diazek: "Talde gogorra da Anaitasuna. Ligan, euren aurka jokatutako bi partiduak galdu ditugu: etxean 0-3 eta han 2-0", azaldu du. Hala ere, Diazek nabarmendu du etxean talde lehiakorra izaten dela Bergara. Taldeko hiru entrenatzaileen helburua, baina, fase honetan lehiakorrak izatea eta ikastea da, eta baita jokalariek futbolaz gozatzea.
Gainerako multzotako taldeak gehituta, ondoko hamar taldeek jokatuko dute igoera fasea: Beti Gazte, Anaitasuna, Ostadar, Hondarribia, Lagun Onak, Touring, Intxaurdi, Urnieta, Eibar B eta Bergarak.