Jokin Etxabe: "Etxeko lasterketetan aurrean banabil, pozik"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko urt. 5a, 08:30

Jokin Etxabe, Bergarako Santa Marina parkean, artxiboko argazki baten.

Continental mailako Interpro Stradalli Cycling Academy taldearekin sinatu du Jokin Etxabek (Bergara, 1993) 2018rako. Frantzian egoitza duen, Japonian erregistratuta dagoen eta babesle nagusia AEBetakoa duen taldea da. Atzo, hilak 4, irten zen Etxabe Miamirantz (AEB), urtarrilaren 10era arte iraungo duen kontzentraziora. Ilusio handiz heldu dio urte berriari.

Zorionak, Jokin! Pozik zaude?

Eskerrik asko. Bai, pozik nago. Albistea publiko orain egin bada ere, azaroko azken astean banekien hara joango nintzela. Urte berriarekin batera argitaratu gura izan dute nortzuk osatuko dugun talde berria.

Nola gauzatu da fitxaketa?

Aevolori [aurreko taldea] eskerrak eman behar dizkiot, eurei esker izan da-eta posible hau guztia. Sekulako laguntza eman didate eta proiektua pozik egoteko modukoa da. Aurten goitik behera aldatuko da taldea, barruko egitura barne, eta pozik nago proiektu horretako parte izango naizelako, gutxienez, urtebetez.

Egoitza Tolosan (Frantzia) izanik, gertu lehiatuko zara, ezta?

Bai, eta horixe izan da, hain zuzen, eskaintza honen punturik erakargarriena. Etxean entrenatu ahal izango naiz, kanpoan ez naiz horrenbeste lehiatuko. Uste dut horrek zerbait egiteko, lorpenei begira, ate gehiago irekiko dizkidala. Baliabide gehiago eta hobeak izango ditut.

Ze egutegi izango duzue?

Euskal Herriko eta Espainiako lasterketa gehienetan hartuko dut parte, Euskal Herriko Itzulian eta Espainiakoan izan ezik. Iaz, AEBetako Aevolon nengoenean, nire lana hemen ez zen behar moduan baloratzen; orain, ez da aitzakiarik izango. Proba batzuk aipatzearren: Miguel Indurain klasikoan egongo gara, Errioxako Itzulian ere bai, Gaztela eta Leongoan, Asturiaskoan, Madrilgoan, Aragoikoan... Ordiziako klasikoa ere izango dugu, Getxoko zirkuitua... Urtarril amaieratik hasita, egutegi ederra izango dugu; ni Indonesian hasiko naiz, goi mailako lasterketa baten. Izan ere, UCI World Tourreko talde batzuek hartuko dute parte; tartean, Dimension Data, Orica Scott eta Astanak. Handik Australiara joango gara zuzenean, eta han Chris Froomerekin kointziditzeko aukerak egongo dira.

Froomerekin? Ederra litzateke, ala?

Orain arte Australiakoa denboraldiko lehen proba izan da Froomendako; oraindik ez dago argi bertan egongo den, baina oso polita izango litzateke telebistan horrenbeste aldiz ikusi dudan ziklista handi horren tropel berean egotea.

Zer eskatzen diozu 2018ari?

Hasieratik nire maila ematen saiatuko naiz. Aukeraren bat izanez gero, aprobetxatzen saiatuko naiz eta zenbaki onak ateratzen. Hori eskatzen diot 2018ari.

Gaur [atzo] Miamira (AEB) joango zara, hilaren 10era arte. Zertarako?

Zuzendaritzak zer eskatzen duen jakingo dugu, lanerako filosofia zein den adieraziko digute. Egun eroak izango dira; bidaia luzea, hainbat proba egin behar... Etxera etorri eta hamabost egunetan errepidean izango naiz lehiatzen. Aukera polita izango dut, arduradunek badakite-eta zer eman dezakedan. Etxeko karreretan aurrean egoteko gai banaiz, pozik egongo nintzateke, eta hori zenbakitara pasatu ahalko banu, borobila izango litzateke.

Urtebete gehiago maila profesionalean. Nola dago ziklismoa egun?

Ez dago batere ondo ordainduta, hori argi dago. Bizirauteko ematen du; hala ere, futbolean izan ezik, gainerako kiroletan ere antzerakoa gertatzen da. Ziklismoan, maila honetan, ez dago aberasterik. Hala ere, pribilegiatua sentitzen naiz honetaz bizitzeko aukera dudalako.

Kontinental mailatik gora ikusten duzu zeure burua lehiatzen?

Horretarako maila errepidean erakutsi beharra dago. Hona heldu naiz lan asko eta ondo egin dudalako; horrela jarraituko dut, zalantzarik gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak