Eyharts ikus-entzunezko emanaldi bat da, ohiko kontzertu baten formatua mantenduta, baina zuzeneko musika elektronikoa eta era askotako irudiak nahasten dituena. Hau da, musika momentuan sortzen da, sintetizadore eta erritmo-kutxa desberdinekin, eta honen gainean irudiak sartzen dira, momentuan bertan nahastuz. Irudiari eta soinuari pisu berdina emanda.
Bikote bergararraren lehen zuzenekoak ikusmina eta harridura eragin zituen. "Etorri zirenak aho bete hortz geratu ziren; askok ez zuten ulertzen musika eta irudiak nola nahasten ziren; batzuk pantailak zeudela esaten zuten, beste batzuk argiak zirela... Oso kuriosoa. Egon zen ere hirugarren kide bat ezkutatuta zegoela pentsatu zuenik", adierazi du taldeko kide Jokin Guridik.
Antolatzaileek uste dute abenduaren 22ko jaialdiek modukoek jendea mundu elektronikora hurbiltzeko balio dutela: "Nolabait halako proiektuetara gerturatzeko beldurra galtzeko balio dute". Eta oraindik Bergarako Elektronika Topaketarako asko falta bada ere, antolakuntza taldea "ziur dago" zerbait berezia antolatuko dutela egun horretarako.