Garikoitz Lopez de Munainek jantzi du txapela Bergaran

Monika Belastegi Aranzabal 2017ko abe. 29a, 12:07

Atzo, abenduak 28, gauean jokatu zuten kartzela zaharrean Kopla Barik bertso eskolak antolatutako Bergarako bertsolari txapelketa. Zazpi bertsolari izan ziren taula gainean, eta Garikotiz Lopez de Munain izan zen irabazle, buruz burukoan Jon Altuna Oxan gaindituta.

Eñaut Uriarte, Iñigo Arzelus, Garikoitz Lopez de Munain, Jon Altuna Oxan, Unai Aranzabal, Asier Kortabarria Moto –lehenengoz hartu du parte eta Jon Patxi Aiastui izan ziren atzokoan taula gainean txapela lortzeko lehian aritu zirenak. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Ibon Leibar Txinbo-k jardun zuen.

Entzule asko gerturatu ziren hitzordura, bete egin kartzela zaharra eta gozatu ederra hartu zuten, parte hartzaileen aldetik ez zen eta espektakulua falta izan. Iaz bezala, hasierako agurrak puntuagarriak izan dira aurten ere, eta erronda horretan, herriko bertsolarien sormena handia izan zen. Ileordeez eta mozorroz lagunduta hasi zuten saioa bertsolarietako batzuk eta Katalunia, Karibea... bezalako tematika oinarri hartuta bota zuten bertsoa.

Agurren ondoren, zortziko handian eta txikian bina bertso bota zituzten bertsolariek Ibon Leibar Txinbo-ren gaiak oinarri hartuta; askotariko gaiak, gainera: Kataluniako procés-a abiatu zenetik sexu harremanak %25 igo direla eta, Otegi eta Urkullu independentzia lortzeko beste saiakera batez aritu ziren; medikura joan eta bizio guztiak kentzearen penaz; abentura zaleak izanda, irla galduan topo egiten duten lagunez; perretxiko haluzinogenodun tortilla jatearen ondorioez; Goienako kazetariek amaigabeko osoko bilkuretan igarotzen dituzten orduez... Bertsorik bertso, entzuleek barreak eragin zituzten bertsolariek.

Buruz burukora Lopez de Munain eta Altuna

Ariketa guztiak amaituta, Garikoitz Lopez de Munain eta Jon Altuna Oxan igaro ziren buruz burukora, eta hor erabaki zen txapelketa. Lehen ariketan Lopez de Munaini bertsolari izatea egokitu zitzaion; Altunari, berriz, gai-jartzaile: bertsolariek behera begira abesteko ohitura dutela eta, Lopez de Munain halaxe dago, baina Altuna gai-jartzailea tranpaz ohartzen da, hau da, zorua txuletaz beteta duela bertsolariak. Kartzelakoan, berriz, irribarrea berreskuratu duzu, izan zen gaia.

Epaimahiko kideen esanetan, bi finalistek maila ona erakutsi zuten, azkenean, baina, Lopez de Muniain gailendu egin zitzaion Oxan-i. "Saio ona egin du irabazleak, umorez eta sentimenduz jantzia; borobila", esan dute epaimahaiko kideek.

Txapelaz gain, beste bi sari ere banatu ziren: Publikoaren saria, Asier Kortabarria Moto-k jaso zuen eta Sari berezia Jon Altuna Oxan-endako izan zen.

Erlazionatuak

Umorea eta giro ona izan ziren nagusi

Monika Belastegi Aranzabal 2017 abe 29 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak