Aitor Garitano: "Guretzat pribilegio bat da Seminarixoko lehen kontzertua eskaintzea"

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko abe. 28a, 13:21

Zapatu honetan, abenduak 30, Bergarako orfeoi gazteak eta Sutargi abesbatzak Elkarrekin musikaz izeneko Gabonetako kontzertua eskainiko dute Seminarixoa areto berrian. Aitor Garitanoren zuzendaritzapean 19:00etan hasiko da. Sarrerak Seminarixo kanpoko leihatilan jarriko dituzte salgai, kontzertua baino ordubete lehenago, hiru eurotan.

Aitor Garitanoren zuzendaritzapean, 50 bat abeslarik eta 10 musikarik hartuko dute parte zapatuko kontzertuan.

Zapatuan Elkarrekin musikaz kontzertua eskainiko duzue Seminarixoan. Zer aurkituko dute bertaratzen direnek?

Herriko auditorio berri bat izango da Seminarixoa, Gabonetako berrikuntzetako bat, eta guk zortea izan dugu bertan kontzertua eskaintzeko aukerarekin. Ni duela gutxi hasi nintzen zuzentzen, Sutargi abesbatza maiatzean eta ostean horren harira Bergarako orfeoi gaztea zuzentzea eskaini zidaten. Horrela, erabaki nuen, bi abesbatza hain ezberdin batzeko aukera; zer irten daiteke hemendik? Lehenik bakoitzak bere zatian bakarka abestuko dituzte obrak, eta ostean bi abesbatzak uztartuta elkarlanean abestuko dute, horregatik deitzen da kontzertua Elkarrekin musikaz. Sutargin azken finean jende nagusiagoa dago, eta Orfeoi gaztean aldiz, 13-18 urte bitarteko gazteak daude. Bonba hori sortzeko asmoarekin garatu da kontzertuaren ideia.

Zein musika estilo abestuko du bakoitzak?

Sutargi abesbatza gehiago ardazten da euskal kanta eta Gabon kanta serioagoetara, baina hala ere izango du bere berritasuna. Izan ere, espiritual motako abesti bat sartuko dugu; nik ikasi nuen Munduko Gazte Abesbatzan, estilo hau Afrikakoa da eta transkribatuta dago gizonen korurako. Orfeoi gaztea gehiago egongo da sakonduta gaur egungo kanta eta pop-rock estiloan.

Bi abesbatzez gain, jende gehiagok hartuko du parte kontzertuan, ezta?

Bai, alde batetik talde bakoitzak bere piano-jolea dauka, Surtagin Leire Ugarte arituko da eta Orfeoi gaztean Eli Mendiaraz. Ostean, tutti-rako, bukaerako kanturako, Carmina Buranako lehenengo kanta ezaguna, O Fortuna, abestea erabaki genuen, bi koruekin, beraz, formatu handian. Horri laguntzeko bai egongo da piano-jolea eta baita metal eta perkusio talde bat, gutxi gorabehera hamar pertsonako orkestra txiki bat.

Seminarixoak duela egun gutxi ireki ditu ateak, eta kontzertu gisako lehen emanaldia izango da zuena. Nola sentitzen zara?

Ilusio handiarekin. Gainera sekulako muntaia da auditorio hori eta lehenengo aldiz estreinatzea kontzertu modura... Izan ere, Bergaran kontzertu asko egiten dira, eta seguru aski asko egingo dira bertan, eta horietako lehena izatea guretzat pribilegio handia da. Taldea ere gogotsu dago eta bi taldeen ilusio handi bat da auditorio horretan abestea, beraz guretzat erronka polita izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak