Goizeko 10:00etan hasi dute txapelketa. Udal Pilotalekua hiru kantxatan banatu dute –kantxa bakoitzak saski bakarra du–. Hala, hiruko saskibaloi txapelketa jokatzen dabiltza benjamin, alebin eta infantil mailako 30 taldek. Jokoaren arauak dira: 10 minutuko partiduak jokatzen dituzte eta puntu gehien saskiratzen dituenak irabazten du; edo, 21 tantotara lehenengo heltzen denak irabazten du.
Finala arratsaldean
Arratsaldean txapelketarekin jarraituko dute, eta asmoa da 19:45ean finalak jokatzea. Ondoren, talde irabazleek saria jasoko dute. Hiruko gehien sartzen duen taldeak ere saria izango du. Horrez gain, jokalari guztiek domina bat eroango dute etxera.
Talde guztien artean zozketa ere egingo dute: baloiak, kamisetak, ur-botilak...
SOS arrazakeria
Bergara Kirol Elkarteak SOS arrazakeriarekin eta La Caixako gizarte-ekintzarekin elkarlanean egin du saskibaloi txapelketa. "Beste urte batzuetan Aspacerekin lan egin izan dugu, eta egokitutako saskibaloia bertatik bertara ikusteko aukera izan dute gaztetxoek. Gaurkoan, SOS arrazakeriaren laguntza izan dugu, gaztetxoek arazoaren inguruan kontzientzia har dezaten", azaldu du Marian Mellado Bergara Kirol Elkarteko kideak.
Hilaren 29an eta 30ean Labegaraietan
Kirol Elkarteak antolatuta, hilaren 29an, arratsaldez, eta hilaren 30ean, goizez, Gabonetako saskibaloi txapelketa jokatuko dute Labegaraietan.