Bergarako Erraldoien Taldeko bi erraldoi txiki bihurriek, Guti-k eta Felixin-ek, badute dagoeneko euren gomazko panpina. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan egindako ekitaldian aurkeztu dituzte panpinok, eta ekitaldira kalejiran joan dira Zabalotegin duten lokaletik Erraldoi Taldekoak.
Aurkezpenak interesa piztu du herritarren artean, eta aretoa goraino bete da. Bertan, Luis Mari Gutierrez Guti-k eta Felix Iñiguez de Heredia Felixin-ek, panpina bana jaso dute herritarren txalo artean. Baita Elena Lete alkateak, Bergarako herriaren izenean, eta Elgoibarko dultzaineroek ere.
Izan ere, gaur ez dituzte panpinak bakarrik aurkeztu. Erraldoi Taldeari musikarekin laguntzen dioten Elgoibarko dultzainero taldeko Txominek, Aitorrek eta Rikardok, bals bat, 'Guti' eta Felixin'-en balsa izenekoa sortu dute Bergarako konpartsarentzat, eta berau ere estreinatu dute gaur goizean, San Martin plazan egindako dantzaldian. Balsa egiteko ideia duela hilabete gutxi sortu zen, Orduñara egin zuten irteera bateko bazkarian, eta lehen zirriborroa idatzi zeneko papera ere oparitu diete dultzaineroei Eta hauek era berean, partituraren kopia bat eman diete Felixin-i, Guti-ri eta konpartsakoei.
Dagoeneko salgai
Gomazko panpina berriak eskuragarri daude dagoeneko, 25 euroren truke, Raizabal, Mujika eta Larrañaga gozotegietan eta Gorka harategian.