Euskaraldian parte hartzeko erronkari heldu diote Bergaran, eta herritarren partaidetza eskatu dute

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko abe. 3a, 15:21

Euskaraldirako pegatinak banatuko dituzte Bergaran ere.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri mailan egingo den ekimena da Euskaraldia, eta Bergaran bat egin dute erronkarekin. Euskararen Nazioarteko Egunean aukeratu dute konpromiso horren berri emateko, eta hiru egoera labur antzeztu dituzte Euskaraldiak euskara ohituretan zenbat eragin dezakeen adierazteko.

Bergarar talde polita elkartu da gaur eguerdian Irala kalean Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia egiteko. Azaldu dute 2018an Euskal Herri mailan egiteko den ekimenean parte hartzeko gertu daudela, eta herritarrei parte hartzeko eskatu diete.

Euskaraldia 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo da. Ahobiziak eta belarriprestak behar dira hamaika eguneko epe horretan euskaraz jarduteko konpromisoa hartuko dutenak. Lehenengoak euskaraz berba eginez, eta bigarrengoak euskaraz berba egiteko gauza ez badira ere informazioa euskaraz jaso eta erantzuna beste hizkuntza batean emateko gertu egonda.

Ekimenean parte hartuko duten herritarrei paparrean ipintzeko pegatinak banatuko zaizkie kide direla argi adierazteko. Horretara heldu aurretik, ordea, sentsibilizazio eta zabalkunde lan handia egingo dute Bergaran. Helburua da ahalik eta herritar kopuru handienak parte hartzea Euskaraldian.

Egoera bitxiak

Euskaraldiarekin zer nolako eragina lortu nahi den adierazteko hiru egoera antzeztu dituzte gaurko aurkezpen ekitaldian. Neska-mutikoei euskaraz baina beraien artean gazteleraz berba egiten duten bi gurasoren egoera, euskaraz hitz egiteko gauza ez izanda ere ulertzeko gai den pertsona baten egoera, eta parean duen tabernaria ezezaguna duelako lehenengo hitza gazteleraz egiten duen lagun batek egoera. Noski, tabernaria euskalduna da. Pegatinek lagunduko dute ahobiziak zein belarriprestak idenfitikatzen, eta horrek hizkuntza ohitura aldaketa esanguratsuak ekar ditzakeela uste dute Euskaraldiaren bultzatzaileek.

Izen-ematea uda ostean

Azaldu dute uda ostean hasiko direla izen-emate kanpainarekin, Bergaran. Aurretik hainbat sentsibilizazio kanpaina eta ekimen egingo dituztela ere adierazi dute. Hain zuzen ere, gaurkoa izan da lehenengoa.

Ekitaldian Bergarako hainbat talde eta elkarteko ordezkariak hartu dute parte. Euskaraldiari sostengua emateko talde argazkia ere atera dute.

Erlazionatuak

Euskaraldiaren aurkezpena, Bergaran

Larraitz Zeberio Lekuona 2017 abe 03 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak