Gorabideak ez du zertan gailurrean bukatu. Bada, hori gertatu zaie bergararrei. Defentsan makal hasi dute partidua, eta kanpokoek jakin dute aukera aprobetxatzen. Hasierako minutuetan bost goleko errenta lortu dute andoaindarrek: 5-10. Defentsan sufritzen zebilen Bergarako taldea, eta horretan zeresana zuen Leizaranen ezker hegaleko jokalariak. "Hasierako minutuetan ez dugu jokalariaren jokoa gelditzen jakin. Kanpoko jaurtiketa ugari egin ditu; barrura joan dira gehienak", azaldu du Josetxo Muniategik, eskubaloi saileko arduradunak. Partiduaren gidoiak bere horretan segi du atsedenaldira bitartean; 14-10 bukatu dute lehen zatia.
Argi zegoen zer zen aldatu beharrekoa; alegia, partidua irauli gura bazuten, defentsa gogor batekin hasi behar zuten bigarren zatia. Eta atsedenaldiko berbaldiak izan du eraginik. Ordutik aurrera bestelakoa izan da panorama; golik jasotzen ez bada, aurkariak ezin baitezake ihes egin. Gauzak horrela, hemezortzina berdintzea lortu dute etxekoek.
Defentsak defentsa, bide beretik segi dute osteko minutuetan, eta aurretik jartzea lortu dute: 20-18. Bestelakoa zen gidoia, parean ziharduten bi taldeek. Modu horretan, partidua bukatzeko minutu bat falta zenean, berdinketa adierazten zuen markagailuak. Eta etxekoentzat zen azken erasoa; ez dute golik egin, ordea. Horrenbestez, berdinketarekin amaitu dute norgehiagoka: 23-23.
Gauzak horrela, zapore "gaziz" bukatu dute partidua bergararrek. "Sekulako ahaleginak egin ditugu partidua iraultzeko, eta gertu ikusi dugu garaipena. Azken gol hori falta izan zaigu", esan du Muniategik.