Kontakatillu txotxongilo taldeak emanaldia eskainiko du kartzela zaharrean. Jau! haur eta guraso asanbladak antolatutako emanaldia izango da. Domekan egingo dute, 18:00etan, 3 euroren truke.
Kontakatillu taldeak Katillukadak ikuskizuna eskainiko du. Mikel Ibarzabal bergararra eta Aitor Ormaetxea dira ikuskizuneko aktore eta teknikariak. Horrela azaldu du Ibarzabalek ikuskizunaren nondik norakoak: "Katillu da ikuskizuneko gidaria. Berak istorio bat dauka, eta hori kontatzen duen bitartean, beste zenbait ipuin aurkeztuko ditu".
Katillu bertsolari ohia da
Bertsolari ohia da Katillu. Azken hogeita hamar urteetan herriz herri ipuinak kontatzen dabil Katillu, txotxongiloekin batera. "Katilluk eramango du guztiaren haria; bera izango da burua, eta gu eta txotxongiloak bere menpe egongo gara", dio Ibarzabalek. Sukaldari, foku teknikari, dantzari, bertsolari... jardungo du Katilluk.
Ikuskizun familiarra
Ikuskizun familiarra dela nabarmendu du Ibarzabalek. Ia ordubeteko iraupena du.
Jau! asanblada abenduaren 2an elkartuko da berriro, kartzela zaharrean.