Aurkezpen hunkigarria, lan hunkigarri baterako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko aza. 22a, 18:30

Irizar jauregia txiki geratu zen Manu Diazen 'Cien crónicas mahoneras' liburuaren aurkezpenean; kirol kazetari Juanjo Lusak gidatuta eta hitzaurrea idatzi duen Juanjo Alvarezen laguntzarekin, giro ederrean joan zen aurkezpen-solasaldia: "Ohorea bat da niretzat ondoan bi lagun horiek izatea", dio egileak.

Ukaezina da Manu Diazen Cien crónicas mahoneras liburuak ikusmin handia piztu duela herrian. Horren adierazle izan zen martitzen iluntzean Irizar jauregiko areto nagusiak erakusten zuen itxura: eserleku guztiak beteta eta herritar asko zutik zein kanpotik jarraitzen aurkezpen osoa.

Juanjo Lusa Onda Vascako kirol kazetariak egin zituen aurkezpeneko gidari lanak eta liburuaren hitzaurrea idatzi duen nazioarteko zuzenbidean katedradun Juanjo Alvarez ere bertan egon zen. Lusaren presentziak eraginda, hein batean, irratsaio bateko solasaldi itxura hartu zuen aurkezpenak, tarteka, bertaratutakoen gozamenerako. "Juanjo Lusa eta Juanjo Alvarez ondoan izanda, halako ekitaldiak askoz errazagoak dira. Ohorea da niretzat. Batzuek uste dute datu historikoetara eta futbol kontuetara mugatzen naizela liburuan, baina ez da horrela. Hunkitzen duten istorio asko daude eta hori aurkezpenean bertan ere igarri da", adierazi du Diazek.

Izan ere, blog batetik sortutako liburu horren helburu nagusia martitzenekoa bezalako ekitaldi bat antolatzea zen: "Honetarako idatzi nuen, gaur [martitzenean] Irizarren sentitu izan dugun energia sentitzeko. Kroniketan aipatzen direnetako asko etorri dira, oso polita izan da". Paperean ez daki bigarren parte bat egongo den, baina Crónicas mahoneras blogarekin jarraitzea eta itxura profesionalagoa ematea da Diazen asmoa.

Organoaren aldekoak, oso pozik

Etekinak San Pedro elizako Stoltz Freres organoa berreskuratzera bideratuko dira, eta elkarte horretako kide Miren Azkaratek zuzenean hartu du parte lanean: "Oso detaile polita izan da. Bergararen inguruko liburu baten etekinak Bergarako harribitxi bat zaintzeko izatea oso polita da; liburua oso sentimentala da, ederra". Depor eta Ariznoa tabernetan, Ordesa aholkularitza bulegoan eta Ostadar ile-apaindegian dago salgai, 12 eurotan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak