"Aurkariek ez dute aparteko partidurik egin, 23 gol sartu dituzte bakarrik, baina ez dugu asmatu geuk eta esku-hutsik geratu gara", laburtu zuen partidua Josetxo Muniategik.
Lehenengo zatian joko ona erakutsi zuten bergararrek, eta 13 eta 11 joan ziren atsedenaldira. Bigarrenean, baina, behera egin zuten: "Defentsan ondo jardun dugu baina erasoan ez dugu batere asmatu. 15 bat minutuan gol bakarra sartu dugu eta horrela ezin da", zioen Muniategik. Azken minutuetan piztu egin ziren atzetik zihoazen etxekoak, eta gerturatzeko aukera ere izan zuten, baina zorte txarra tarteko ezinean geratu ziren. Bukaeran 21 eta 23. "Hainbat jokalari ditugu lesionatuta, eta beste lesio bat izan dugu gaur. Hortaz, aldaketetarako ez dugu aukera handirik eta baliteke jokalariak nekatuta egotea".