Donostiako Hawaii enpresa komertzialak eskuratu du 2017ko Gipuzkoako Merkataritza Enpresa saria. Gipuzkoako Bazkundeak gaur, azaroak 17, banatutako Gipuzkoar Merkataritza Enpresa Sarien 25. edizioan jaso du hori. Ekitaldian izan dira Denis Itxaso, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako Diputatua eta Isabel Muela, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza Sailburuordea.
Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Bulego Teknikoekin egin du lan Gipuzkoako Bazkundeak beste behin, sariak Gipuzkoa osora gerturatzeko helburuarekin. Hain zuzen, helburu hori argi eta garbi erakusten dute Hamar harribitxiak izeneko sariek, eskualde bereko merkatariak direlako Gipuzkoako hamar merkataritza enpresa nabarmenenak aukeratu dituztenak, lurraldeko merkataritza bitxien mapa sortuz.
Aurten, iaz egin zen moduan, saria merkataritzako sektore guztietara zabaldu dute, eta Debagoienean Bergarako Mujika Burdindegiak jaso du. Hona hemen gainerakoak: Urola Garaian, Legazpiko Coro Paternain ile-apaindegia; Debabarrenean, Eibarko Otegui harategia; Bidasoaldean, Irungo Nanas; Donostian, Kefren dekorazio denda; Donostialdean, Hernaniko Hiru haur arropa; Goierri aldean Ordiziako mARTa eskulan, jostailu eta opari denda; Oarsoaldean, Oiartzungo Zabaleku Informatika; Tolosaldean, Tolosako BaB Singular Store; eta Urolan, Azpeitiko Xaxarki estetika. Eskualdeko "merkataritzaren ezaugarri diren balore, irudi eta prestigioa adierazten dutelako" saritu dituzte merkatari hauek guztiak Hamar bitxiak sariarekin.