ZTB jardunaldiek, emaitza "oso ona"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko aza. 15a, 12:34

'Non dago emakumea ingurune digitalean’ izeneko mahaingurua egin dute aurten, autobus ibiltarian.

Bergarako Udalak antolatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiek iaz baino "parte hartze handiagoa" izan dute eta "bidelagun gero eta gehiago" dituzte: "Ekimenak Debagoienetik salto egin du dagoeneko".

Udalaren arabera, aurtengo edizioan are eta bidelagun gehiago batu dira ekimenera, eta ekimen honek jada Debagoienetik salto egin du. "Oihartzuna izan du Euskal Herriko hedabide askotan, eta Euskal Herri mailako eta Espainiako Estatuan zientzian eta berrikuntzan erreferente diren hainbat erakunde eta eragile alboan izan dira. Eta elkarlan horrek guztiak oso emaitza esanguratsuak eman ditu". Emaitza horien artean, nabarmendu dute jardunaldiei hasiera eta bukaera emateko ardura hartu duen Jakiunde. "Eta, baita ere, bere ateak zabaldu dizkigun Donostia International Physics Center erreferentziazko gunea. Horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu", gaineratu dute.

"Parte hartze oso altua"

Jardunaldietako ekintzetan, orokorrean "parte-hartzea oso altua" izan da. "Aurten ere ikusleek eta entzuleek jakin-min eta interes handia erakutsi dute, galderak eginez eta parte hartuz". Gainera, Udalak txalotu gura izan du hainbat herritarrek jardunaldietarako propio hartzen dute lana, euren "jakinduria eta ezagutza" zabalduz. Horiei ere eskerrik beroenak helarazi gura dizkie.

Ikasleekin egotea, "apustu erabakigarria"

Aurtengo aldaketei dagokionez, "apustu erabakigarria" izan da gazteei zuzendutako erakusketa eta tailerretako batzuk eskola orduetara bideratzea, "emaitza are eta hobeak" eman dituelako. Eta gazteekin jarraituz, Wolfram Encounterra nabarmendu dute: "Urtez urte gero eta harrera hobea ari da izaten. Aurtengo edizioan iazko parte-hartzea bikoiztu egin da, 100 pertsonatik gora ibili dira".

Emakumeen presentzia ingurune digitalean

Era berean, aurten emakumearen presentzia are eta gehiago indartu da. Hala, emakumeek hainbat hitzaldi gidatu dituzte; Emakunderekin eta .eus Fundazioarekin batera Non dago emakumea ingurune digitalean mahai ingurua antolatu da; eta ekitaldi guztietan emakumeek pisu nabarmena izan dute. "Modu horretan, emakumeek zientzia, berrikuntza eta teknologia alorretan egiten duten lana ere ikustarazi nahi izan da", diote Udaletik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak