Ekitaldiaren mamia umorezko bakarrizketa zientifikoak izan dira. Helburua, berriz, hau: zientzia eta teknologiarekiko beldurra kentzea eta jakin-mina piztea. Hala, protagonistek denetariko gaiak izan dituzte hizpide: zonbien garuna, zakilaren neurriaren garrantzia, infinitua, semenarekin ikertzen duen emakume ikertzaile baten komeriak, zentzurik gabeko ikerketak, infinito-motak…
Zortzi hizlari aritu ziren, Alaitz Otxoa de Eribe Aguirre Elhuyarreko kidearen gidaritzapean: Ibon Cancio Uriarte biologoa, Irati Iciar Madinabeitia UEUko koordinatzailea, Josu Lezameta Larrabeiti euskara irakaslea, Josu Lopez Gazpio kimikaria, Idoia Torregarai Martija UEUko komunikazio-arduraduna, Jesus Mari Txurruka Argarate biologoa, Jone Uria Albizuri matematikari eta bertsolaria, eta Itziar Urizar Arenaza fisiologoa.
Elhuyar aldizkari berritua
Hitzaldiez gain, sorpresa atsegub bat ere jaso zuten bertaratutakoek: Elhuyar aldizkariak itxura aldatu du, eta Wolfram Deunaren jaian aurkeztu zuen jantzi berria. Izan ere, aldizkariarekiko batzuek izan dezaketen aurreiritziak (serioa, zorrotza, zaila…) hautsi nahi dituzte egileek, eta, horretarako, itxura berria lagungarria izango dela uste dute.
Hala, Wolfram Deunaren jaira joandakoen artean abenduko zenbakiaren aleak banatu dituzte, eta, bide batez, aldizkariaren inspiratzaileekin, Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiekin, argazkia ateratzeko aukera izan dute.