Manu Diaz: "Bergararrei interesa piztu ahalko dien liburua da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko aza. 10a, 09:17

Blog batetik sortutako "liburu berezi bat" aurkeztuko du Manu Diazek (Bergara, 1965) azaroaren 21ean Irizar jauregian (19:00): Cien crónicas mahoneras. "Inongo pretentsio gabe" kaleratuko du liburua, bergararren artean interesa eta kuriositatea piztuko duen esperantzarekin.

Zelan sortu zen Cien crónicas mahoneras liburua idazteko ideia?

Aspaldi nuen asmoa Bergararekin zerikusia duten gaiak hartu eta liburu bat idazteko. Irakurgai lasaia, arina eta dibertigarria egin gura nuen. Oinarria duela hiru urte abiatutako blogean dago [Cronicasmahoneras.blogspot.es], hor hasi nintzen idazten. Ingurukoen artean harrera ona izan dute kronikek; uda honetan oporretara eraman nituen eta konturatu nintzen interesgarria zela paperera pasatzea.

Zer aurkituko du irakurleak?

Oso bertakoa da, herrikoei interesa piztu ahalko diena. Bergarako iraganeko gaiak eta gaur egungoak, kirol arloko gaiak, kultura arlokoak, hausnarketa pertsonal batzuk, kritikaren bat edo beste... Denetarik dago.

Zergatik erabaki duzu Interneten sortu zena paperera pasatzea?

Beti izan dut buruan blog batetik sortu zen proiektu hau papera ekar zitekeela. Lagunek izan dezaten, opari bat emateko... Beste esparru batzuetan, akaso, ez da erakargarria izango, baina Bergaran bizi direnendako edo Bergararekin harremana dutenendako interesgarria dela esango nuke. 500 aleko tirada txiki batekin argitaratzeko moduko proiektua da.

Jasoko zenuen laguntza, ezta?

Bai. Horien artean, Miren Azkarate eta Juanjo Alvarez nabarmendu behar ditut. Miren Azkarate izan da proiektuaren bultzatzaile eta koordinatzaile nagusia eta garbiketa edo lifting lanen arduraduna. Miren gabe proiektu hau ez zen posible izango. Bestalde, Euskal Herriko intelektual puntakoenetako bat den Juanjo Alvarez laguna daukat, eta askotan elkartu izan gara bizitzan zehar; unibertsitatean, futbolean, lanean... Niretzat, ohore handia izan da hitzaurrea Juanjo Alvarezek idatzi izana.

Hilaren 21ean aurkeztuko duzu liburua. Nolako ekitaldia izango da?

Miren Azkarate eta Juanjo Alvarez egongo dira, baita Juanjo Lusa kirol kazetaria ere. Lagunen arteko topaketa bat izatea espero dut, liburuan lagun asko dira-eta protagonista.

Nola banatuko duzu liburua?

Aurkezpenean bertan hamar eurotan erosi ahalko da eta aurrerago hamabi eurotan salduko da. Salmenta puntu guztiak zehaztu ez baditut ere, Ordesa aholkularitza bulegoan, San Pedro elizan eta zenbait tabernetan ere erosi ahalko da, hamabi eurotan.

Dirua, San Pedro elizako organorako

Cien crónicas mahoneras liburuak kaleratzeak dituen gastuak estali ostean, San Pedro elizako Stoltz-Freres organoa konpontzera eta berritzera bideratuko da irabazten den gainerako dirua: "Garbi nuen hasieratik etekinik balego Bergarako elkarte bati bideratu behar niola diru apur hori eta helburu horren barruan Stoltz-Freres organoaren aldeko elkartea aukeratu nuen; lagunak dira, gainera".

Bergarako Stoltz-Freres organoaren lagunen elkarteko Rosa Narbaizak esker on hitzak izan ditu liburuaren egilearendako: "Guretzat, oso pozgarria da, Manuri eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen. Biziki eskertzen diogu bere proiektuaren diru zati bat organoaren konponketara eta berreskurapenera bideratzea. Ondarearen ikuspegitik mantendu beharreko altxor handi bat da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak