Eneko Lizarralde, saririk ez inplikazio eta sufrimendu handienari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko aza. 9a, 16:32
Eneko Lizarralde, Bergarako Irala kalean, Murias Euskadiren maillotarekin; ez du euskal taldean jarraituko.

Lesioz jositako urte gogorra izan arren, Eneko Lizarraldek espero zuen hurrengo urtean Euskadi Basque Country-Murias taldean jarraitzea; erabakiak etsipena eragin dio, baina haserrerik ez: "Izan dudan zuzendari onena da Jon Odriozola".

Urriaren 18an, Omanen oporretan zela, jakin zuen Eneko Lizarraldek (Bergara, 1993) datorren urtean ez duela Euskadi Basque Country-Murias taldean jarraituko. "Zaplazteko handia izan zen. Oso urte gogorra izan dut, lesioekin ibili naiz gora eta behera. Horregatik ezin izan dut nire maila erakutsi, ez da nire esku egon. Hala ere, taldea beti egon da gustura nire lanarekin eta banuen esperantza jarraitzeko".

Euskadi Basque Country-Murias taldeak urriaren 31 baino lehenago zuen konpromisoa Lizarralderi kontratua berrituko zion edo ez jakinarazteko eta horregatik dio ez zuela azken orduko albiste hori jasotzea espero: "Uste dut justua izango zela jarraitzea, egin dudan lanarekin merezi nuela esango nuke. Hala ere, argi dago nork bere ikuspuntua duela, eta erabakia errespetatu beharra dago".

Hilabete morfina hartzen

2017a nekez ahaztuko du ziklista bergararrak, bere ibilbideko urterik gogorrena, zalantza barik: "Jende gutxiri gertatzen zaizkio halakoak eta espero dut ahalik eta jende gutxienari gertatzea". Denboraldi hasierara "sasoi onean" heldu, eta lehen karreran bi hezur hautsi zituen: "Sufritu ostean, ondo errekuperatu eta are gogorrago hasi nintzen entrenatzen, eta, ondo nengoenean, egutegi osoa ziurtatuta nuenean, istripua izan nuen entrenamendu batean".

Ekainaren 9an izan zen, Gorlan behera harrapatu zuen kamioi batek: "Hainbat haustura, pneumotoraxa... Hilabete oso bat morfina hartzen ibili nintzen, min handiarekin. Ezin lorik egin, ezin jan...". Beste askok hori bizi ostean amore emango zuten, baina Lizarraldek borrokan jarraitzea erabaki zuen, taldeko arduradunek ere animatuta.

Gustuko eskaintza, "oso zaila"

Aurtengo denboraldiko azken hiru klasikoak lehiatu eta berriro ere tropel barruan lehiatzen egon ostean, esperantza bazuen 2017ak eragindako amorrua bizikleta gainean kentzeko 2018an, baina taldean jarraituko ez duela jakitea azken kolpea izan da: "Oraindik ez dut esango ziklismoa utziko dudanik, bizikletak dena eman dit eta. Baina oso zaila izango da. Azaroan gaude, oso berandu da dagoeneko. Oso zaila izango da talde bat aurkitzea eta talde horren eskaintza nire gustukoa izatea, merezi dudanaren adinakoa izatea".

Euskadi Basque Country-Murias-ek itxi du taldea eta Lizarraldek begiz jota izan ditzakeen Espainiako taldeak ere 2018ra begira lanean daude dagoeneko. Gainera, badaki, izan duen urtea izanda, talde atzerritar baten ateak nekez irekiko zaizkiola: "Pasatu zaidana kontatuz gero animoak emango dizkidate, asko jota, baina ez naute kontratatuko; hau mundu profesionala da".

Izan ere, kontinental mailan lehiatzen jarraitzea da Lizarralderen asmoa. Haserre ez, baina etsituta bai Ez zuen Euskadi Basque CountryMurias-en erabakia espero, baina ez dago taldearekin haserre: "Taldekide guztiei estimu eta errespetu handia diet. Bost urte egin ditut egitura honetan, eta horregatik etsituta nago, baina haserre ez. Erabaki errespetagarria da, baina, nire ustez, ez da justua".

Jon Odriozola zuzendariaren kontra ez dauka ezer, alderantziz. Hitz politak ditu oñatiarrarendako: "Nirekin oso ondo portatu izan da beti, oso jende gutxik izan du nigan Jonek izan duen konfiantza. Izan dudan zuzendari onena da".Entrenamendu gogorrenak abenduan hasten direnez, Lizarraldek azaro amaierara arteko epea jarri dio bere buruari, eta, horregatik, Euskadi Basque Country-Murias taldean diharduen Julen Irizar "lagun onenarekin" dabil entrenatzen, egunero.

Irizar, Aristi eta Etxabe

Euskadi Basque Country-Murias taldean jarraituko dute Julen Irizar eta Mikel Aristi bergararrek. Bestalde, Jokin Etxabek ez du AEBetako Aevolo Cycling Team-en jarraituko; denboraldi ona egin arren, 23 urtetik beherako ziklistak bilatzen ditu taldeak, formakuntzari begira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak