Herritarrei eta kultura elkarteei egin zien gonbidapena Bergarako Udalak areto berrirako izen proposamenak egiteko. Deialdian hamasei pertsonek hartu dute parte, eta guztira, izena jartzeko 42 ekarpen jaso dira. Udalak jakinarazi duenez, horietatik batzuk herriko pertsona ospetsuekin lotutakoak ziren, baina Kultura batzordeak nahiago izan du "izen propioetatik aldentzea", bati protagonismoa emanez beste batzuk alboratuko direlakoan.
Aitor Morazak proposatu du aukeratu den izena. Hortaz, berari dagokio Seminarixoa agertoki berrian urtebetean egingo diren emanaldiez gozatzeko bi pertsonendako bonua.
Horrez gain, ekarpenak egin dituzten herritarren artean urte osorako bi pertsonendako beste bonu bat zozketatu du Udalak; eta honen irabazlea Mañole Ezenarro izan da.
Kultura batzordeak eta Udalak eskerrak eman nahi dizkiete parte hartu duten herritar eta kultura elkarte guztiei.