ZTB jardunaldien egun nagusienetakoan, energia berriztagarriak eta ordenagailu jokoak protagonista

Maite Txintxurreta 2017ko aza. 4a, 14:37

Goizetik eguerdira bitartean, energia berriztagarrien inguruko azoka izan da Seminarioko karpan, eta herritarrek ingurugiroarekiko errespetuzkoagoak diren energia eta kontsumo motak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. Horrez gain, Wolfram Encounterren bigarren edizioa ere gaur abiatu da,

Seminarioko karpan energia berriztagarriei edota energia modu efizienteagoan kontsumitzen laguntzen duten gailu edo materialei buruzko postuak jarri ditu Usurbilgo Lanbide Eskolak, Gipuzkoako Diputazioaren laguntzaz. Hala, bertan aurki zitezkeen, esaterako, eguzki plaka mota desberdinak, etxebizitzak isolatzeko material jasangarri desberdinak, biomasa sortzeko makina, led argiak, auto eta bizikleta elektrikoak, eguzkiaren argiarekin funtzionatzen duen sukaldea... Lanbide Eskolako ordezkariak eurak aritu dira bertaratutakoei postuetako gailuen funtzionamendua azaltzen eta zalantzak argitzen.

Lanbide Eskolakoen postuaz gain, baina, energia berriztagarrien inguruan lan egiten duen Goiener kooperatibak ere jarri du postua, eta, horrez gain, Gipuzkoa Argitu proiektuko ordezkari bat ere bertan izan da, herritarrei euren energia kontsumoa internet bidez eta doan nola kontsultatu dezaketen eta horren arabera kontratatu beharreko potentzia egokiena zein izango litzatekeen erabakitzen laguntzeko, besteak beste.

 

Gimnasioa pantailaz lepo

Aldi berean, karparen alboan, Aranzadi Ikastolako gimnasioan, Wolfram Encounter ordenagailu jokoen topaketaren bigarren edizioa egon da martxan, eta martxan segitzen du oraindik ere, 28 orduko ordenagailu jokoen lehiaketa da. Ia berrogei pertsonak eman dute izena, eta, hala, goizean ateak ireki dituztenetik ia beteta egon da gimnasioa.

Counter Strike: Global Offensive, League of Legends, Hearthstone: Heroes de Warcraft , Clash Royale eta FIFA jokoen txapelketak egingo dituzte bi egunotan.

Wolfram Encounterren baitan, hainbat hitzaldi ere izango dira Baskonia e-sports, Thunder X3ren eskutik, Wordpress for paranoid users (Eleven Paths) eta Streamers: un día en la vida de alguien en esta nueva profesión (Nebukai).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak