Ekainean Chillida-Lekuko Zabalaga baserrian estreinatu ostean, Bergarara helduko da Bizian Bizi ikuskizuna. Pentsamenduaren Poesia eta Aldeta taldeen artean osatutako lana da, Chillida eskultoreari idatzitako poemak eta musika oinarri hartuta publiko anitz bati zuzenduta dagoen ikuskizuna.
Izan ere, Pentsamenduaren Poesiako partaide den Felipe Juaristi arituko da poesia errezitatzen. Juaristi, Aldeta taldearen hitzen egilea ere bada eta bera da Bizian Bizi proiektuaren ardatza. Idazlea, gidoilaria, kazetaria eta zutabegile lanetan aritua, Euskadi Poesia sariaren irabazlea izan zen 1998an eta 2016an berriz, Poesia Sari Nazionalean finalista. Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategirekin batera Pentsamenduaren Poesia taldea osatzen du, eta lauen artean aurkeztu berri dute Balea Zuria poesia editoriala ere.
Juanra Unamuno bergararra da Aldeta taldearen beste partaideetariko bat. Urte askoan euskal kantugintzan bakarlari bezala ibilia, aho-soinua eta gitarra joko du ikuskizunean. Unamunorekin batera taldea osatzen Monica Refojos eta Txitxo Lopez ariko dira. Lehena, Santa Cecilia Abesbatzatik datorren abeslaria da eta bigarrena berriz, Vomito punk talde ezagunaren gitarrista.