Bergarako igerilariek lan ederra egin dute Benidormeko Oceanman proban

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko urr. 19a, 15:47

Oceanman proban parte hartu zuten igerilariak; goian, ezkerretik eskuinera: Unai Egaña, Xabier Labaka, Irati Mendia, Oier Eraña, Mikel Mujika eta Josu Morras; behean: Alejandro Altuna, Unai Belategi eta Xabier Jauregi.

Bergarako bederatzi igerilari izan ziren, joan den aste bukaeran, Benidormeko Oceanman proba ezagunean. Guztiek egin zuten lan oso txukuna. "Primerakoa izan da, errepikatzeko gogoz gelditu gara", adierazi du orain arte Bergara Igeri Elkarteko entrenatzaile izan den Mikel Mujikak.

Bergarako bederatzi igerilarik lan ederra egin zuten joan den asteburuan Benidormen jokatutako Oceanman proban. Ur-irekietako zirkuitu bat da, munduko leku ezberdinetan antolatzen diren zazpi probaz osatua. Finala Benidormen izaten da, eta aurreko probetan sailkatu diren kategoria bakoitzeko lehen hamarrek dute aukera parte hartzeko. Hala ere, paraleloan, sailkatzeko probetara joaterik izan ez dutenek ere parte hartzeko aukera dute. Horiek, baina, ez dira finaleko kideekin nahasten.

Xabier Labaka, bosgarren elite mailan

Bergaratik joandako bederatzi igerilarietatik Xabier Labaka izan zen finalerako sailkatutako bakarra; bosgarren helmugaratu zen elite mailan. Gainerakoen artean, hamar kilometroko distantzian, Oier Erañak, Xabier Jauregik, Mikel Mujikak eta Alejandro Altunak oso lan txukuna egin zuten eta bost kilometroko distantzian –Half Oceanman– Josu Morras, Unai Belategi, Unai Egaña eta Irati Mendia aritu ziren lehian; Mendia azkarrena izan zen bere kategorian. "Lasterketa primerakoa izan da. Datorren urtean errepikatzeko gogoz gelditu gara guztiok", dio Mikel Mujikak.

Entrenatzaile aldaketa taldean

Nerea Anduagarekin batera hasi ondoren, Mujika bera izan da azken urteotan Bergara Igeri Elkarteko entrenatzailea. "Gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu naiz eta uste dut emaitza politak lortu direla igerilekuko probetan zein zeharkaldietan; horrez gain, oso giro ona izan dugu taldean. Hain zuzen, igerilariekin izandako tratua da urte hauetako onena". Xabier Labakak hartuko du, orain, Mujikaren lekukoa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak