Edu Muruamendiaraz: "Gure esentzia mantenduz, ikuskizun berritzailea da"

Mireia Bikuña 2017ko urr. 11a, 09:15

Hogei urte bete ditu Aukeran dantza konpainiak. Sutargi ikuskizuna estreinatu zutenetik bide luzea egin dute.Orain, bide horren errepasoa egiten duen "ikuskizun berritzailea" dute esku artean.Azaroaren 5ean estreinatuko dute, Victoria Eugenia antzokian.

Urteurren borobila ospatzeko,ikuskizun berria dakarzue?

Berria eta berritzailea,berezia izango da. Gure ibilbidean erabili ditugun koreografietako batzuk erabiliko ditugu. Horiek berritu egin ditugu. Dantzen bidez istorio bat kontatuko dugu eta musika zuzenean izango dugu oholtzan.
Jantzietako diseinua ere berria izango da. Hainbat aldaketa, beraz. Aukeranen esentzia mantenduz, ikuskizun berritzailea egingo dugu.

Musika zuzenean, orduan?

Xabi Solano, Xabier Zeberio, Mixel Ducau eta Iñigo Egia egongo dira oholtza gainean gurekin. Duela hogei urte hasi ginenean, zuzeneko musika erabiltzen genuen. Gero,grabazioekin hasi ginen. Berriro itzuliko gara gure sustraietara.

Formatu handiko ikuskizuna izango da.

Bai, hala da. Hasiera batean,hiriburuetako antzoki handietan ibiliko gara. Baina,areto txikiagoetara joateko,moldatu egingo dugu ikuskizuna. Antzoki txikietan ez dugu zuzeneko musikarik izango. Bestelakoan, berbera izango da.

Hogei urte atzera begiratuz gero,zer ikusten duzu?

Lan egiteko gogo handia eta ilusioa. Egun ere mantentzen ditugu, baina egoera asko aldatu da. Euskal dantza tradizionalak bere lekua topatu duela esango nuke. Aukeranekin hasi ginenean,dantza konpainia bakarra ginen. Orain, badaude beste batzuk. Guztion artean lortu dugu egun dugun posizioa. Sutargi-rekin hasi ginenetik eboluzio handia izan du modalitate honek. Hain justu ere, bilakaera hori erakutsiko dugu ikuskizun berrian.

Euskal dantza tradizionala oinarri duen ikuskizunak badu etorkizunik Euskal Herritik kanpo?

Dantzariak ez gara ezagunak hemendik kanpo. Ez gara futbolariak, pilotariak edo aktoreak. Zaila da, baina ondo hartzen gaituzte.

Baduzue beste hogei urtetarako sokarik?

Puntu honetara helduta, nire hurrengo erronka dantza konpainiaren profesionalizazioa lortzea da.Dantza ogibide bihurtu eta honetatik bizi ahal izateko.Ea lortzen dugun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak