"Oso gustura geratu dira entzuleak, hori jakinarazi digute behintzat bukaeran eta zoriondu ere egin gaituzte. Oso pozik gaude eta hasiera ona eman diogu Organo Erromantikoaren zikloari", azaldu du Aitor Oleak.
Haize metalezko taldeak egindako emanaldiak ere txalo zaparradak jaso zituen. Tronboiez, tinbalez eta tronpetez osatutako taldeak emanaldi borobila eskaini zuen-eta.
Datozen kontzertuak
Asteburu honetakoaren ostean, datozen bi zapatutan ere organo zaleendako hitzordu bana izango da. Hala, urriaren 14an Bernhard Marx organo-jotzaile prestigiotsua izango da Santa Marinan. Alemaniarra Friburgoko Johanneskirche elizako organista titularra da 1972az geroztik, baita hiri bereko Pedagogia Akademiako organo irakaslea ere, besteak beste. Izan ere, ibilbide musikal oparoa dauka Marxek.
Marxena, baina, kontzertuaren lehen zatia baino ez da izango. Izan ere, hurrengo asteko hitzorduak bi zati izango ditu. Hala, bigarren zatiak Gorka Zabaleta txistu-jotzailea, Jose Javier Lera perkusio-jotzailea eta Fernando Gonzalo organo-jotzailea batuko ditu.
Bergarako aurtengo azkenengo emanaldian, berriz, Ainhoa Zubillaga mezzoaren ahotsaren eta Loreto Fernandez organo-jotzailearen musikaren konbinazioaz gozatuko dute herritarrek.