Zapatu honetan, urriak 7, izango da zikloaren baitako Bergarako lehendabiziko kontzertua. Berezia izango da, gainera; izan ere, bergararrak izango dira emanaldiko protagonistak. Hala, organoan jarrita Aitor Olea izango da, eta haren musikari laguntzen, Aitor Biainek zuzentzen duen Bergarako Orfeoikoen ahotsak.
Olea, San Pedroko Stoltz-Frères organoaren jotzaile titularra da, Euskal Herrian entzutetsuenetarikoa, eta horrez gain, organo irakasle ere bada. Bere ibilbidean nazioartean emanaldi ugari eskainitakoa da Olea.
Bergarako Orfeoia ere ibilbide luzeko abesbatza da, eta herri mailan antolatu izan diren musika eta kultur ekitaldi garrantzitsuenetan parte hartu ohi du.
Datozen kontzertuak
Asteburu honetakoaren ostean, datozen bi zapatutan ere organo zaleendako hitzordu bana izango da. Hala, urriaren 14an Bernhard Marx organo-jotzaile prestigiotsua izango da Santa Marinan. Alemaniarra Friburgoko Johanneskirche elizako organista titularra da 1972az geroztik, baita hiri bereko Pedagogia Akademiako organo irakaslea ere, besteak beste. Izan ere, ibilbide musikal oparoa dauka Marxek.
Marxena, baina, kontzertuaren lehen zatia baino ez da izango. Izan ere, hurrengo asteko hitzorduak bi zati izango ditu. Hala, bigarren zatiak Gorka Zabaleta txistu-jotzailea, Jose Javier Lera perkusio-jotzailea eta Fernando Gonzalo organo-jotzailea batuko ditu.
Bergarako aurtengo azkenengo emanaldian, berriz, Ainhoa Zubillaga mezzoaren ahotsaren eta Loreto Fernandez organo-jotzailearen musikaren konbinazioaz gozatuko dute herritarrek.